Ume eta gazteei zuzendutako tailer eta ikuskizunak antolatu dituzte zapatuetarako
6 urtetik gorakoei zuzendutako tailerrak dira Bermeoko Udalak antolatu dituenak Gazteria Sailaren bitartez. Izena emateko epea eguenean (azroak 18) zabalduko dute, eta beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea.
Bermeoko Udalak herriko 6 urtetik gorako haur eta gaztetxoei zuzendutako eskaintza zabala prestatu du azaro eta abenduko zapatuetarako. Tailerrak, ikuskizunak, sukaldaritza saioak… izango dituzte aukeran. Udalak Gazteria Sailaren bitartez antolatu ditu ekimenok.
Horietan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea; eguenean (azaroak 18) hasiko da. Izena emateko edo informazioa gehiago jasotzeko Gazteria Sailagaz harremanetan jarri beharko da (688 81 99 50 WhatsApp zenbakian, 94-617 91 58 edo giz@bermeo.eus). Bermeoko Udalaren webgunean ere jaso daiteke informazioa.
Azaroaren 27rako bi tailer antolatu dituzte: malabarismo eta beatbox tailerrak. Lehenengoa 6 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta abilezia landuko dute. Bigarrena, berriz, 9 urtetik gorakoentzako izango da eta ahoarekin soinu bereziak egiten ikasteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Abenduaren 4an, 6 eta 8 urte bitarteko umeek eskulanak egin ahalko dituzte Beldur haizeak izeneko tailerrean; “Euren logela apaintzeko eta ametsak babesteko, amets goxoak izateko eskulan itzela egingo dute”. Egun berean, 9 urtetik gorako umeek terrarioak egingo dituzte; “Beirazko ontzi bat erabilita, barruan lorategia diseinatu eta apainduko dute. Bertan jarriko dituzten harriak koloretako esmaltearekin apainduko dituzte, norbere gustuko terrarioa eraikitzeko”.
Abenduaren 11rako Chef eguna antolatu dute. 6 urtetik gorako bermeotarrek mini pizza tailerraz gozatu ahalko dute. Horretan pizzak egiten ikasiko dute, eta era berean, egiten dutena dastatzeko aukera ere edukiko dute. Azaldu dutenez, ume guztiak daude tailer horretara gonbidatuta.
Azkenik, abenduaren 18rako, 6 eta 8 urte bitarteko umeei bideratutako magia ikuskizuna antolatu dute. 9 urtetik gorako gazteek, berriz, Laize MC-ren rap kontzertua ikusteko “aukera aparta” izango dute.
Euskal rapean aritzen den Barakaldoko neska gaztea da Laize MC. Hamalau urterekin errimatzen hasi zenetik Euskal Herriko toki ezberdinetan kontzertuak eskaintzen ibili da: “Harentzat rapa injustiziak salatzeko eta giza eskubideak defendatzeko arma bat da”. Abesti bakoitzean erritmo ezberdinak nahasiz, jaia eta borroka batera joan daitezkela erakutsi gura du. Hasiberria izanda ere, rapean ezarrita dagoen “irudi androzentrista eta harroputza eraldatu eta irudi feminista, iraultzaile eta euskalduna bihurtzea” du helburu.