Ramon Saizarbitoriaren 'Kandinskyren tradizioa' landuko du Irakurleen Txokoak
Hileko hirugarren eguena izanik, datorren eguenean batuko dira parte hartzaileak; Liburutegiko beheko solairuan batuko dira, 18:30etik 20:00etara.
Bermeoko Udalaren Euskara Sailak antolatzen duen Irakurleen Txokoa eguenean [azaroak 18] batuko da, hileko hirugarren eguena izanik. Oraingoan, parte hartzaileek Ramon Saizarbitoriaren Kandinskyren tradizioa lana izango dute aztergai. Liburutegiko beheko solairuan batuko dira, 18:30etik 20:00etara.
Saizarbitoriak idatzitako eleberri laburra da Kandinskyren tradizioa, 2003 urtean lehen aldiz argitaratutakoa. Miren izena daukan neska gazte baten lehen amodioaren gorabeherak kontatzen ditu, bakarrizketa moduan, bere irudimenean sortutako amodio idealagaz alderatuz.
Arrate Egaña idazleak dinamizatzen duen Irakurleen Txokoan, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak biltzen dira. 2011n hasi zen ekimen honetan parte hartzea doakoa da eta udal liburutegian eman behar da izena. Interesa dutenek bertara hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez dute egin behar.
Helburuak honakoak dira: Irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lanak ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.