Piratak Herri Kirol Klubekoak, Bizkaiko trontza mistoko txapelketaren podiumean
Iraide Gezuraga eta Salva Erleaga eta Amaia Mendinueta eta Xabat Erleaga bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Gamiz-Fikan lehiatu zuten atzo [azaroak 14] Bizkaiko Trontza Misto Txapelketa, eta txapeldunengandik bederatzi segundora sailkatu ziren Iraide Gezuraga eta Salva Erleaga arratzuarrak.
Mikel Agirre ondarrutarrak eta Uxue Ansorregi mendarotarrak hirugarren urtez jarraian irabazi dute Bizkaiko Trontza Misto Txapelketa. 45 zm-ko 10 ebaki egin behar izan zituzten. 4 minutu eta 46 segundoko markagaz lortu zuten txapela. 4 minutu eta 55 segundotan burutu zituzten lanak Piratak Herri Kirol Klubeko Gezuragak eta Erleagak, eta horien taldekide Amaia Mendinueta eta Xabat Erleaga 5 minutu eta 17 segundoko denboragaz hirugarren sailkatu ziren.
Amaia Albizu eta Joseba Legarreta laugarrenak hirugarrenengandik 24 segundora geratu ziren. Piratak taldeko Ane Albizu eta Bingen Erleaga sailkatu ziren bosgarren, 7 minutu eta 49 segundotan lanak amaituta.
Bestalde, Gizonezkoen Bizkaiko 2. mailako Harrijasotze Txapelketa eta Emakumezkoen Bizkaiko Harrijasotze Txapelketak ere jokatu zituzten atzo, Fikako frontoian.
Gizonezkoetan hirugarren sailkatu zen Eneko Bilbao kortezubitarra. Bederatzi harri jasotzaileen artean, Enrique Maeztu izan zen onena; 88 kiloko kubikoa 21 aldiz altxatu zuen, eta 88 kiloko bola 24 aldiz. Denetara 3.960 kilo jaso zituen. Enrique Largo txapeldunordeak, berriz, 19 jasoaldi eta 24 jasoaldi egin zituen, hurrenez hurren, 3.784 kilo jasotzea lortuz. Bilbaok 3.256 kilo altxatu zituen; kubikoa 18 aldiz jaso zuen eta bola 19 aldiz.