Aritz Martin hirugarren sailkatu da Euskadiko Lokotx Biltze Txapelketan
Patrik Saitua Martinengandik segundo batera geratu da.
Emakumezkoen Euskadiko ingude-jasotze, lasto-altxatze, txinga-eroate eta lokotx-biltze txapelketak lehiatu zituzten zapatuan [azaroak 13], Mungiako Matxin plazan, eta Euskadiko lasto-jasotze eta lokotx-biltze txapelketak jokatu zituzten Laukizko frontoian.
Lokotx biltze txapelketan alde estua egon zen lehenengo sailkatuen artean. Segundo bakarreko aldea egon zen lehenengo bien eta hirugarren eta laugarrenen artean. Jon Larrañaga geratu zen txapeldun, 6 minutu eta 27 segundoko markagaz, eta Axier Gamio geratu zen txapeldunorde. 6 minutu eta 43 segundotan amaitu zituen lanak Aritz Martin gernikarrak eta segundo bat beranduago Patrik Saitua gautegiz arteagarrak.
Bestalde, Mungian lehiatutako ingude jasotze txapelketan aritu ziren Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko Amaia Mendinueta eta Iraide Gezuraga, eta seigarren eta zazpigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. 77 jasoaldi egin zituen Mendinuetak eta 71, berriz, Gezuragak. 95 jasoaldigaz, Karmele Gisasola Zelai III.ak jantzi zuen txapela. Bi gutxiago egin zituen Maika Ariztegi txapeldunordeak, eta 89 jasoaldigaz sartu zen podiumean Lucia Orbe.
Halaber, Lokotx biltze txapelketan laugarren sailkatu zen Irantzu Onaindia gernikarra. 8 minutu eta 28 segundotan amaitu zuen txapelketa. Bost emakumeren artean erabaki zen txapelketa, eta Ainhoa Iraizoz izan zen azkarrena. Txapeldunak 7 minutu eta 34 segundoko marka ezarri zuen, eta 17 segundora geratu zen Maider Etxezabal txapeldunordea. Hala, segundo bakarreko aldea egon zen bigarren eta hirugarren sailkatuen artean. Ainhoa Etxegarai geratu zen hirugarren postuan.