Zabaldu dute Gaztelugatxeko Ermu eta Lurgorri arteko zatia
Bizkaiko Foru Aldundiak berriro irekiko du gaur [azaroak 12] Ermu eta Lurgorri arteko zatia Gaztelugatxen, gune horretan luizi-arriskuak prebenitzeko aurreikusitako segurtasun-protokoloa aplikatuta itxi eta astebetera.
Mendi-hegalaren egoeraren jarraipenaz arduratzen den geologo-taldeak egiaztatu du egun hauetan ez dela lur-mugimendurik gertatu eremu horretan, eta erabaki dute ez dela beharrezkoa azaroaren 5ean agindutako prebentzio-itxierari eustea. Egun horretan esparru hori ixtea erabaki zen, 24 ordutan 60 litrorainoko prezipitazioak eta astean 113 litrorainoko pilaketa izan ondoren. “Hau izan da Gaztelugatxera sartzeko tarte bat itxi den lehen aldia urtarrilean baselizara iristeko eskaileren aurreko plataformatik gertuen dagoen aldean izandako luiziaren ondoren ezarritako segurtasun-protokoloa abian jarri zenetik”, azaldu dute. Azken eremu hori itxita dago oraindik, lurrak gehiago mugi ez daitezen hasi ziren lanak amaitu arte. Lan horiek “erritmo onean” doazela jakinarazi dute.