Merkataritza astea egingo dute lehenengoz, Gernika-Lumon
Azaroaren 18tik 24ra merkataritza sektoreko enpresei zuzendutako hiru ikastaro emango dituzte. Merkataritza Asteak "hiri-merkataritzaren sektore osoari zuzendutako jarduera" izan nahi duela adierazi dute aurkezpenean.
Azaroaren 18tik 24ra Nik Gernikan Merkataritza Astea egingo dute; udalerrian egingo duten lehenengoa izango da.
Gaurko aurkezpenean Iñigo Magunagoikoetxea Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak esan moduan, herrian “pisu handiko” sektorea da merkataritzarena, eta hori “goraipatzeko” eta herrian bertan erostea eta kontsumitzea bultzatzeko asmoagaz antolatu dute: “Merkataritza hitzaren definizio zabala kontuan hartu gura dugu. Dendez gain, ostalaritza, arreta pertsonala eskaintzen duten enpresak, eta zerbitzuak ere sartzen dira. Merkataritza Astea antolatuta gure asmoa da gure herritarrek eta gizarteak herrian daukagun merkataritza eta ostalaritza zerbitzuei balio gehiago ematea”.
Urtero azaroaren erdialdera egitea da antolatzaileen asmoa, eta Black friday egitasmoaren “kontrapuntua” izatea gura dute: “Garai honetan hasten dira Gabonetako erosketak, eta, horrez gain, Black friday delakoak gero eta indar handiagoa dauka. Azken horretan erosketa gehienak azalera handiko establezimenduetan edota Internet bitartez egiten dira”. Bi data horiekin lotutako erosketak herrian bertan egitea bultzatu gura dute: “Herrian kontsumitzeak eta herrian bizia egiteak daukan garrantzia goraipatu, eta bezeroengan kontzientzia sortu gura dugu aste honegaz”. Merkataritza arloko zinegotziak gogoratu du udalerriko merkataritzaren bezeroak alboko herrietatik ere badatozela, eta hori mantendu gura dutela azpimarratu du.
Black friday-gaz lotutako eta Gabonetako erosketak udalerrian egitea bultzatu gura dute
Gernika-Lumoko Udalak eta Gernika-Lumoko Merkatari Elkarteak elkarlanean jorratu duten egitasmoa da honakoa. Udalaren 2019ko Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziaren lan esparruen barruan, lehentasunen artean jaso zituzten sektoreen arteko lankidetza eta aitorpena sustatzeko ekintzak. Eta plan hori egin aurretik pentsatuta zeukaten merkataritza aste hau lan ildo horrekin bat datorrela zehaztu du Magunagoikoetxeak. Plan horren baitan, hainbat komunikazio kanpaina egin dituzte, eta Nik Gernikan Sariak sortu zituzten. “Egunerokotasunean daukagun komunikazioaren eta lanaren fruitu dira egitasmo horiek guztiak”, esan du zinegotziak.
Jarduerak. Eguenean hasiko duten Merkataritza Astearen jardueren berri eman dute gaurko agerraldian. Lehenengo egunean, Nik Gernikan Sariak banatuko dituzte, Elai Alai Aretoan.
Bestalde, hiru ikastaro prestatu dituzte. Merkatarientzako Kexak nola bihurtu aukera izenekoa, azaroaren 22an eta 23an emango dute, eta sei ordukoa izango da. “Arreta pertsonala da herriko merkatarien bereizgarria. Hori da Gernika-Lumoko merkataritzak azalera handiko establezimenduekin alderatuta daukan desberdintasunik garrantzitsuena. Horrek horrela izaten segitzea nahi dugulako antolatu dugu ikastaro hori”, azaldu du Magunagoikoetxeak.
Azaroaren 24 eta 25eko ikastaroa, berriz, ostalariei zuzendutako dago. Kafeari eta kafeaz egindako koktelei buruzkoa izango da. “Gernika-Lumon ezaguna da kafetegietan eta tabernetan eskaintzen den kafearen kalitate ona, eta hori mantentze aldera, eta kafearekin loturiko produktu ezberdinak eskaintze aldera ikastaro hori antolatu dugu”. Hiru orduko ikastaroa izango da, eta lau saiotan errepikatuko dute.
Azaroaren 24an, berriz, sektoreko enpresa guztiei zuzendutako informazio eta aholkularitza saioa egingo dute. Bai Tiketari buruzko ikastaroa emango dute streaming bidez. Ogasuneko eta izenpeko teknikari batzuk egongo dira, parte hartzen dutenen galderak erantzuteko eta zalantzak argitzeko.
Magunagoikoetxeak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza eta foru ogasuna lankidetzan garatzen ari diren sistema hori 2024ko urtarrilaren 1ean jarriko dute martxan: “Enpresa guztiek, momentuan bertan online bidezko fakturazioa egiteko sistema da. Gaur egun enpresa askotan dituzten galdera mordoa ikusita, oso beharrezkotzat ikusten genuen ikastaro hau egitea”.
Sektoreko enpresek formakuntza saio horietarako gonbidapena jasoko dute gutun bidez, eta izena eman beharko dute. “Horrekin ikusiko dugu zelako oihartzuna daukan”.
Nik Gernikan Merkataritza Astea:
- Azaroak 18 (eguena). Nik Gernikan Sarien banaketa, 20:15ean, Elai Alai Aretoan.
- Azaroak 22 eta 23 (astelehena eta martitzena). Kexak nola bihurtu aukera ikastaroa, 14:00etatik 17:00etara, Elai Alai Areto Txikian.
- Azaroak 24 eta 25 (eguaztena eta eguena). Expreso perfektua, kafea eta kafearekin egindako koktelgintza ikastaroa, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Merkatu Plazako eraikinean.
- Azaroak 24 (eguaztena). Bai Tiketa, betebeharrak, epeak eta jakin nahi duzun guztia ikastaroa (streaming bidez), 14:00etatik 15:30era.