Lashann Higgs jokalaria fitxatu du Gernikak
Denboraldi amaierara arte Lashann Higgs Lointek Gernika Bizkaiako jokalaria izango da. Gernika-Lumoko klubak gaur iragarri du Bahametako eskoltaren fitxaketa, eta jokalaria udalerrian dagoela jakinarazi dute.
Keltern talde alemaniarretik dator Gernikara, eta fitxaketa honekin kanpoko jokoa indartu gura du klubak. Aurreko denboraldian, Emakumezkoen Ligan Embutidos Pajariel Bembibren nabarmendu zen jokalarietako bat da. Leongo taldean batezbeste 15,9 puntu eta 4,1 errebote lortu zituen. Alemanian, ostera, ez da berak nahiko lukeen moduan aritu; batezbeste 18 minutu jokatuta, 6,8 puntu eta 2,2 errebote lortu ditu. Eurokopan ere jokatu du.
Gabija Meskonyte eta Irune Orio jokalarien lesioek behartutako fitxaketa da honakoa. Gainera, Casademont Zaragozaren eta Virtus de Bolognaren kontrako partiduen azkenengo minutuetan indar falta nabaritu zen talde gernikarrean.
“Kanpoko lerroa orekatzeko” behar zuten jokalaria dela dio Mario Lopez Gernikaren entrenatzaileak: “Behar duguna emango digula uste dut. Eskolta azkarra da kontraerasoan, eta hiru puntuko jaurtiketa egokiak egiten ditu. Abantailak sortzen eta saskiratzeak lortzen dituen jokalaria da. Alemaniako Kelternen ez du denboraldi hasiera ona egin, baina dinamika hori aldatzea espero dugu, ahalik eta ondoen lagun diezagun, batez ere erasoan”.