Mikel Unzueta Portilla oroituko dute Urdaibaiko XXV. Arkeologia jardunaldietan
Bost hitzaldi eta bisita gidatu baten bidez, Unzuetak Urdaibaiko ondare arkeologikoaren azterketan, kontserbazioan eta hedapenean egindako lana gogoratuko dute martitzenean hasi eta zapatura bitartean.
Martitzenetik zapatura bitartean egingo dituzte Agiri arkeologia elkarteak antolatzen dituen Urdaibaiko Arkeologia jardunaldiak. Bi urtean behin prestatzen dituzte, eta aurtengo 25. ekitaldian, Mikel Unzueta Portilla oroituko dute. Bost hitzaldi eta bisita gidatu baten bidez, Unzuetak Urdaibaiko eta Bizkaiko Kultura Ondare Arkeologikoaren azterketan, kontserbazioan eta hedapenean egindako ekarpenaren errepasoa egingo dute.
Hala, arkeologoak urte luzez egindako lanari balioa emango diotela azaldu du Juan Carlos Quintana Agiri Arkeologia Elkarteko kideak: “Unzueta aldundiko kultura ondarearen zerbitzuko arkeologoa zen. Arkeologia ondarea kudeatzen zuen, proiektuak baloratzen zituen, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak egiteaz arduratzen zen… Arkeologia ondareari eragin diezaioketen obrak zeudenean, horiek ebazteaz arduratzen zen. 30 urte zeramatzan horretan, eta Urdaibairekin oso lotura estua zeukan. Bera izan zen Arrola, Forua, Tribisburu, Katillotxu edota Santimamiñeko aztarnategietara joateko bisita gidatuak sustatu zituena”.
Ikertzearen, kontserbatzearen eta ikertutakoa zabaltzeko metodoaren alde egiten zuen Unzuetak, eta eredu hori bere proiektu guztietan ikusi zitekeen. Santimamiñeko proiektua izan zen bultzatu zuen garrantzitsuenetakoa, eta Agirikoek gauzatu zuten: “Proiektu horretan kobazuloa berraztertu genuen berriro, garaiko ikuspuntu mitolologikoan eta baliabide berrietan oinarrituta. Gero, datuak eguneratu genituen, kontserbazio proposamenak egiteko eta, ondoren, zabaltzeko”.
Irteera Forura. Aurtengo egitarauak Unzuetak egindako lanekin du zerikusia, eta ez da ikus-entzunezkorik egongo. Bost izango dira hitzaldiak eta bakarra irteera. Hain zuzen, Ana Martinez Salcedo Unzuetaren alarguna arduratuko da Foruko erromatar aztarnategira azaroaren 20an egingo duten bisita gidatua zuzentzeaz. Bera izan zen erromatar aztarnategiaren proiektua zuzendu zuena. Lehenengo egunean, gainera, Agiri elkartekoek oroigarri bat emango diote Martinezi: “Arkeologia gai batean oinarritutako eskultura da emango dioguna, Enrique Arzubiaga artista busturiarrak buztinean egindakoa”.
Martitzeneko lehenengo hitzaldia Arrolako kastroari buruzkoa izango da. Juanjo Cepeda Ocampo arkeologoa arduratu zen hura ikertzeaz, eta berak emango ditu proiektuari buruzko xehetasunak Elai-Alai aretoan. Arrolako kastroa balioesteari eta ezagutarazteari buruzko proiektuen nondik norakoak ere kontatuko ditu.
Jardunaldien bigarren egunean, Helduen Hezkuntzako ikasleei zuzenduko zaizkie Agiri Arkeologia Elkartekoak. Duela bi urteko jardunaldien ostean, ikasleei egokitutako pare bat hitzaldi eskaini zituzten ikasgeletan eta aurten ere errepikatzeko gonbidapena jaso dute elkartekoek. “Urdaibaiko historiaurreko kultura ondarea zelakoa den azalduko diegu. Foruan harrobiko kobazulo batean izan zen presentzia neandertalaren lehen datuetatik historiaurrearen amaierara arteko ibilbidea egingo dugu. Saio lasaia eta irudiz betetakoa izango da”, adierazi du Quintanak.
Arratsaldean, berriz, Jesus Gonzalez Urquijok Diman dagoen Axlor aztarnategi arkeologikoaz ariko da. Mendilerro karstiko batean dagoen aterpe harritsua da Axlor, lehen leize baten ahoa zena. Jose Migel Barandiaranek aurkitu zuen aztarnategi garrantzitsuak neandertalen garaiko okupazioak ditu, “oso ondo ordenatuta eta kontserbatuta” daudenak; horiei buruzko datuak eskainiko ditu Gonzalezek.
Galdameseko kobazuloari buruz berba egingo du eguenean Javier Fernandez Eraso EHUko katedratikoak.; kobazuloan bildutako azken datuen berri emango du. “Berak egindako ikerketa lan hori aurkeztuko du jardunaldietan, azken datu interesgarriekin”, adierazi du Quintanak.
Santimamiñe. Quintanak berak Santimamiñeko azken ikerketetan lortutako datuak aurkeztuko ditu barikuan. “Berritasunak aurkeztuko ditut. Santimamiñek hiru eskabazio fase izan ditu, horietako bi, antzinakoak, Barandiaranek gidatu zituenak. Hirugarrena, 40 urte geroago, guk hasi genuen, Unzuetak proposatuta”. Aurrerapenak dira aurkeztuko dituenak: kobazuloan egindako ikerketa berrien datuak, erabilitako metodologiak, teknika analitikoak… “Barandiaranen datuekin zer ezagutzen genuen eta zein datu berri lortu ditugun kontatuko dugu. Izan ere, Barandiaranek kobazuloa ikertu zuenean, ezin izan zuen karbono 14ko dataziorik egin, ez zirelako egiten”.
24. urtez antolatu dituzte jardunaldiak, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako kultura eta arkeologia ondarea aztertzeaz eta kontserbatzeaz egiten duten lana ezagutarazi gura dute. “1986. urtean hasi ginen zikloagaz, eta 25. urtea da aurtengoa. Herritarrek jardunaldi oso interesgarriak direla adierazi digute, eta hala izatea gura dugu. Datuetan aberatsa izatea da gure asmoa”, esan du Quintanak.
EGUTEGIA
- Martitzena, azaroak 16
19:00. Hitzaldia, Elai-Alain, Juanjo Cepedagaz. - Eguaztena, azaroak 17
10:00. Argiri Arkeologia Elkartearen hitzaldia, Elai-Alain, Helduen Hezkuntzako ikasleei.
19:00. Axlorri buruzko hitzaldia, Elai-Alain, Jose Gonzalez Urquijogaz. - Eguena, azaroak 18
19:00. Galdameseko kobazuloari buruzko berbaldia, Elai-Alain, Javier Fernandezegaz. - Barikua, azaroak 19
19:00. Santimamiñeri buruzko hitzaldia, Elai-Alain, Juan Carlos Quintanagaz. - Zapatua, azaroak 20
10:00. Irteera, Ana Martinezegaz, Foruko erromatar aztarnategira.