Urkuluko urtegitik Arantzazurainoko bidea egingo dute Sollubekoek
Domekan egingo dute hileko irteera; 07:30ean aterako dira Bermeotik, udal azokako autobus geltokian egon beharko dute ordu horretan.
Sollube 707 Bermeoko Mendizale Taldekoek hileko irteera egingo dute domekan. Oraingoan, Urkuluko urtegitik hasiko dute ibilbidea eta Arantzazuraino joango dira Trokatik. 13 kilometro inguruko ibilbidea egingo dutela azaldu dute antolatzaileek, eta ibilbidea “oso polita” dela aipatu dute; “gauza asko daude ikusteko”.
Urrexola zeharkatuko dute, Araozko Jaturabeko urtegitik ere igaroko dira eta Gesaltzako Kobaren sarreran ere geldialdia egingo dute: “Sarrera ikusgarria dauka kobazuloak, 50 metroko altuera dauka eta 18 metroko zabalera”.
Ibilbide hasieran dagoen Urrexolarainako aldapa izan ezik, gainontzeko ibilbidea “nahikoa erraza” dela diote.
07:30ean aterako dira Bermeotik domekan, udal azokako autobus geltokitik. Izena eman gura dutenek 619 75 31 98 telefono zenbakira deitu beharko dute.