Gernika RTk garaipenagaz hasi du Emakumezkoen Euskal Liga
Gernikak eta Getxok osatutako taldeak 0-86 irabazi dio La Unica B Rugby Taldeari.
Aurreko denboraldian modura, 2021-2022 denboraldirako ere Gernika RTko jokalariak Getxo RTkoekin batu dira Emakumezkoen Euskal Liga lehiatzeko. Zapatu arratsaldean [azaroak 6] jokatu zuten 2. mailaren lehenengo jardunaldia, eta talde bizkaitarrak 0-86 irabazi zion La Unica Rugby Taldeari.
Hamasei entsegu (hiru transformazio) egin zizkieten bizkaitarrek nafarrei. La Unicaren bigarren taldearen kontra jokatu zuten. “Hobetzeko gauzak baditugu, baina oso pozik amaitu genuen”. 20. minutuan egin zuten lehenenego entsegua. “Entrenatzaile berria daukagu, eta postu batzuk aldatu zituen. Martxa hartzea kostatu zitzaigun”.
Elkarrekin entrenamendu gutxi egin dituztenez, ez zekiten lehenengo partiduan zelan moldatuko ziren, baina jokalarien esperientziak garaipena bermatu zien: “Lehen taldea dauka La Unicak, hamabostera –hamabost jokalarigaz– jokatzen du, eta guk hamabira jokatzen dugu. Bigarren talde horretan denak dira berriak, eta horregatik, guretzat partidua errazagoa izan zen. Gure taldean denok daukagu esperientzia apur bat, batzuek urte gehiago daramatzagu eta beste batzuek gutxiago, baina ez gara hasiberriak”. Erraz nagusitu ziren, eta “animoak igotzeko, euren arteko harremana hobetzeko eta tentsioak kentzen hasteko balio” izan diela azpimarratu dute.
Gainontzeko taldeek urriaren hirugarren asteburuan hasi zuten liga, baina arazo batzuengatik, Gernikak eta Getxok osatutako taldeak aurreko asteburuan jokatu zuen ligako lehen partidua. “Getxoko bigarren taldea izango bagina moduan da, Gernika RT/Getxo RT izenagaz ari gara, eta etxeko partiduak Gernikan jokatuko ditugu, eta gure arropekin jokatzen ari gara”, azaldu dute. Gernikako zazpi bat eta Getxoko hamar bat jokalarigaz osatu dute taldea. Eguaztenetan Getxon eta barikuetan Gernikan entrenatzen dute, eta astean beste egun batez entrenamendu fisiko bat egiten dute banatuta.
Emakumezkoen Euskal Ligako 2. mailan sei talde daude: Gernika RT/Getxo RT, Durango RT, Elorrio RT, Eibar RT, La Unica RT B eta Domiberia RC Rioja 12.
Aurtengo helburua ondo pasatzea eta gozatzea dela esan dute, eta datorren urtera begira taldea handitzea. Gernika-Lumoko eta inguruko herrietako bizilagunak eurekin bat egitera animatu dituzte: “Gernikatik jende gutxi gaude. Hurrengo urteetarako jokalari gehiago lortu gura ditugu”.
Gernika RTkoek hurrengo jardunaldia azaroaren 21ean [domeka] lehiatuko dute Elorrio RTren kontra, Elorrion.