Bizikletak konpontzeko hiru puntu jarri ditu aldundiak Busturialdean
Bermeon, Gernika-Lumon eta Mundakan jarriko dituzte BiziPuntu izeneko guneak. Gaur Gernika-Lumon aurkeztu dituzte puntuak.
Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletak konpontzeko eta mantentzeko hiru BiziPuntu jarri ditu eskualdean: Martin Deuna eta Ibarreta kaleen artean Bermeon, Carlos Gaingoiti 44 zenbakian Gernika-Lumon, eta kiroldegiaren aurrean Mundakan.
Hiru puntu horiek aurkeztu dituzte gaur eguerdian Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Iraunkorra Sustatzeko foru diputatuak, eta Aritz Abaroa eta Jose Mari Gorroño Bermeoko eta Gernika-Lumoko alkateek; hain zuzen, Gernika-Lumoko BiziPuntua aukeratu dute aurkezpena egiteko.
Diputatuak azaldu duenez, aldundiaren mugikortasun-estrategiaren barruan, bizikleta aisialdiko jardueretarako garraiobide gisa ez ezik, garraiobide guztiekin bat egiten duen ohiko garraiobide gisa sustatzea dute helburu.
Bide horretan, aldundiak 63 BiziPuntu jarriko ditu urtea amaitu baino lehen Bizkai osoan. “Garapen Iraunkorraren helburuak lortzeko, ingurumena gehiago errespetatzen duen mugikortasuna behar dugu, eta helburu horretan bizikletak funtsezko zeregina du, ez aisialdirako bakarrik, baita ohiko garraiobide modura ere. Ahalegin handia egiten ari gara mugikortasun eredu iraunkorragoa lortzeko”.
Bizkaian zehar jartzen ari diren BiziPuntuek “harrera oso ona” izan dutela adierazi du diputatuak: “Ezkerraldean proba pilotu bat egin genuen, sei BiziPuntu jarriz, eta bakarrak izan zituen kalteak. Beste guztiak oso ondo errespetatu dituzte, eredugarria da herritarren jarrera. Proba hartatik emaitza onak lortu genituen, eta Bizkai osora zabaltzeko lanetan gabiltza orain”.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak adierazi du bizimodu osasuntsua eta kirola sustatzeko aukera ona direla BiziPuntuak. “Herritarrek aspalditik eskatu digute bizikletak konpontzeko tokiak jartzeko, eta BiziPuntuekin eskaerei erantzuten diegu. Baita oraintxu herrian martxan jarri dugun txirrinduak garbitzeko guneagaz ere”, azaldu du alkateak. Hala, herritarrek bizikletak garbitzeko eta konpontzeko bi gune izango dituztela nabarmendu du, eta horiek zaintzeko eskatu die herritarrei: “Zerbitzu honek mantenua eta errespetuzko erabilera eskatzen du”.
Gernika-Lumon zegoen beharrizan bati konponbidea eman diotela nabarmendu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak: “Aspaldi ikusi genuen bizikletak garbitzeko edo konpontzeko beharrizana. Hala, beste zerbitzu bat eskaini behar zela pentsatu eta hala egin dugu. Bizikletak garbitzeko bi puntu jarri ditugu, eta honek beste zerbitzu hori borobiltzen du. Zerbitzu ona da gernikarrentzat zein eskualdeko herritarrentzat”.
Ezaugarriak. BiziPuntuak 20×20 eta 140 zentimetroko altuera duten zutabeak dira, bizikleten konponketa txikiak egiteko. Zutabe horiek zortzi erreminta dituzte: bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, giltza txikiak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatzeko eta muntatzeko tresnak. Erreminta guztiak altzairuzko kable erretraktil batez daude zutabeari lotuta. Horrez gain, pneumatikoak puzteko sistema bat dauka, biradera birakariaren bidez eragiten dena, manometro batekin. Zutabea besoekin osatuta dago bizikleta finkatu eta konponketak makinaren gainean egin ahal izateko. Gainera, bizikleta garbitzeko aukera ere ematen du.
Bestalde, QR kode batek BiziPuntuak ahalbidetzen dituen mantentze eta konponketa lanetarako tutorialak kontsultatzeko aukera ematen die erabiltzaileei.
Diputatuak jakinarazi du aldundia arduratuko dela Bizipuntuen mantenu lanak egiteaz. Hala ere, zentzuz jokatzeko eta puntuak zaintzeko deia egin du: “Puntu hauetaz gozatzeko deia egiten dugu, eta erabiliaren erabiliaz apurtzea espero dugu. Garrantzitsua da zerbitzua denon eskura egotea da, behar dugunean erabiltzeko”.