Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak BUP integratzea onartu du
Integrazioa urtarrilaren 1ean gauzatuko da, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren jarduketa arloa Bizkaiko 97 udalerritara hedatuko da, BUP desagertuz.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Batzar Nagusiak Busturialdeko Ur Partzuergoa partzuergoan integratzea onartu du, BUPek abuztuan egindako eskaerari erantzunez. Integrazioa urtarrilaren 1ean gauzatuko da, eta egun horretatik aurrera, Busturialdeko hamasei udalerri –Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika eta Sukarrieta– Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko eskubide osoko kideak izango dira; Gernika-Lumon eta Bermeon urrian egindako ohiko osoko bilkuretan onartu zuten BUP BBUPn sartzea.
Osoko bilkura horietan EH Bilduk integrazioaren kontra bozkatu zuen. Urriaren 14an Busturialdeko EH Bilduren ordezkariek egindako agerraldian uraren zerbitzua zentralizatzea “erabaki politikoa” dela salatu zuten, “ez dagoela horretarako irizpide tekniko-ekonomikorik esanez”.
Udalerri horiek partzuergoan sartuta, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren jarduketa arloa Bizkaiko 97 udalerritara hedatuko da, BUP desagertuz. 44.5000 pertsonari arreta ematen dion BUPen integrazioagaz, %4,26 handituko du BBUPk bere zerbitzua; hain zuzen, 2022ko urtarriletik aurrera 1,1 milioi pertsonari eskainiko dio zerbitzua, Bizkaiko biztanleriaren %96ri eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako %52ri. Busturialdeko biztanleei arreta emateko, eskualdean dauden instalazioak kudeatuko ditu, eta Busturialdeko partzuergoaren lan taldea subrogatuko du.
199,5 milioi euroko aurrekontua. Atzo Bilbon egindako saioan, BUPen integrazioa onartzeaz gain, 2022rako aurrekontua onartu zuen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak: 199,5 milioi eurokoa izango da datorren ekitaldiko aurrekontua. Iazkoagaz alderatuta, %3 handitu da, “diru-sarreren eta zorpetzerik gabeko gastuen orekari eutsiz”.
Aurrekontu osoaren %32,8 –65,6 milioi euro–, saneamendu eta hornidura azpiegituretan inbertsioak egiteko erabiliko da, eta jakinarazi dute horiek “baliabide propioekin” finantzatuko direla “ia osorik”.
33 milioi euro hornidura azpiegiturak hobetzeko erabiliko dira datorren urtean, eta 32 milioi bideratuko dira saneamendura.
Hornidura hobekuntzei dagokienez, Enkarterriko horniduraren bigarren faseko obrei jarraipena emango zaie, eta 9 milioi euro erabiliko dira horretarako; Beteluriko EUTko ikatz aktiboaren eta ozonoaren instalazioa berritzeko 6,5 milioi euro bideratuko dira; banaketa-sareetan egingo diren obrek 1,4 milioi euro beharko dituzte; udal hornidura-sarean sute-ahoak instalatzeko obrek, berriz, 1,2 miloi euroko aurrekontua izango dute, eta, La Floridako biltegia (Barakaldo) sendotzeak 1,2 milioi euro balioko du. Sanemaneduari erreparatuta, Zuazo-Galindoko andela hobetzeko 11,6 euroko inbertsioa egingo da, eta Muskizko araztegia handitzeko eta berritzeko lanak ere egingo dira. Era berean, sare orokorra optimizatzeko obrak egitea aurreikusi dute, 2 milioi euro inguruko inbertsioarekin.
Tarifak igo. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Batzar Nagusiak datorren urteko hornidura, saneamendu eta arazketa zerbitzuen tarifak eguneratzea erabaki zuen atzo. “Hileko 0,128 euro igoko da tarifa, uraren kanonaren kalkulu aldaketa finantzatzeko eta etxeko kontsumorako hileko 1,465 euroko tarifa eguneratzeko beharraren ondorioz”, adierazi dute partzuergoko ordezkariek. Erabiltzaileentzat prezioaren areagotze horrek urtean 19,12 euro inguruko igoera eragingo du, hiru hilean behin ordaindu beharreko lau fakturetan banatuta.
Azaldu dutenez, erakundeak egindako azterlanetan oinarritzen da erabakia. “Azterlan horien arabera, zerbitzua eskaintzeak sortzen dituen gastuak partzialki estaltzen dituzte gaur egungo tarifek, guztiaren %86 inguru. Eta pixkanaka uraren ziklo integralaren kostua %100ean osatzen joan behar da, Urari buruzko Europako Esparru Zuzentaraua aplikatuz kostuak berreskuratzeko printzipioa betez”, argudiatu dute.