Mendibururi irabazita, lau t'erdiko txapelketaren final-laurdenetan da Arrizabalaga
Master Laboral Kutxa txapelketaren final-zortzirenetan, Olatz Arrizabalagak 18-5 garaitu du Ane Mendiburu. Aurrelari gernikarrak azaroaren 20an lehiatuko du final-laurdena, Miren Larrarte edo Miriam Arraizaren kontra.
Olatz Arrizabalaga lau t’erdiko final-laurdenetara sailkatu da. Ane Mendibururi 18-5 irabazi dio final-zortzirenetan.
Master Laboral Kutxa txapelketaren aurpegi eta errealitate desberdin guztiak ikusi ziren atzo [azaroak 7], Ortuellako udal pilotalekuan. Lau t’erdiko txapelketaren final-zortzirenetan, hiru kategoriatako bederatzi partidu lehiatu zituzten.
Pilota mistoaren elite kategorian ari dira lehen mailako pilotariak. Bere indarragaz eta segurtasunagaz erraz nagusitu zen Arrizabalaga: “Hasieratik amaierara arte kontrolpean eduki nuen partidua. Sakez min asko egin nion”. Lehenengo partidua konfiantza hartzeko ondo datorkiola dio: “Txapelketetako lehenengo partidu hauek ez dira oso errazak izaten, ez dakigulako denok zelan heltzen garen. Partidu hau oso ondo etorri zait konfiantzarako eta hurrengo partiduari begira hobeto jokatzeko”.
Azaroaren 20an [zapatua] Balmasedan jokatuko du final-laurdena. Bere aurkaria asteburu honetan erabakiko da; Miren Larrarteren edo Miriam Arraizaren kontra ariko da. Larrarteren kontra lehiatuko duela uste du: “Faborito argia da. Ezusteko handirik ezean, bera pasatuko da. Entrenamenduak partidu horri begira izango dira. Partidua ez da erraza izango. Miren jokalari oso ona da, gainera, lau t’erdian oso ondo jokatzen du. Teknikoki onenetakoa da. Hemendik aurrera datozen partidu guztiak oso gogorrak izango dira”.
Pilota mistoko nagusiak kategorian, Arrizabalaga eta Mendibururen artekoaz gain, beste bi final-zortziren lehiatu zituzten Ortuellan. Leire Garai 18 eta 2 nagusitu zitzaion Nora Mendizabali, eta Amaia Aldai 18 eta 12 Itxaso Erasuni. Hala, azaroaren 20an Garaik eta Aldaik elkarren kontra jokatuko dute.
Asteburuan Orozkon. Elite mailan final-zortzirenetako beste lau partidu lehiatuko dituzte domeka honetan [azaroak 14], Orozkon. Larrarte eta Arraizaren neurketagaz gain, Miriam Arrillaga-Arrate Bergara, Naroa Agirre-Uxue Oses eta Enara Gaminde-Madalen Etxegarai ariko dira hurrengo fasera sailkatzeko lehian.
Bestalde, Laia Salsamendi min hartuta dagoenez, Andrea Capellan zuzenean sailkatu da final-laurdenetara.
Txapelketarik garrantzitsuena. Pilota goxuaren zein piloa mistoaren kategorietan, bi maila daude, lehen mailetako edo elitekoenak eta hastapenetakoenak. Urtez urte hazten doa Emakume Master Cup txapelketa. Arrizabalaga hasieratik ari da jokatzen, eta txapelketa honen garrantzia gogora ekarri du: “Apurka-apurka ikusten da kalitatea igotzen ari dela. Neska kopurua mantentzen bada ere, batez ere gure kategorian ikusten da gero eta gazte gehiago datozela, eta kalitate gehiago dagoela. Gure partetik ere, txapelketa honekiko gogo edota konpromiso gehiago ikusten da. Urtean daukagun txapelketarik garrantzitsuena da. Bospasei urte daramatzan txapelketa da, eta ikusten da bai gure partetik eta baita antolakuntzaren aldetik ere konpromiso gehiago dagoela ikusten da. Sekulako aurrerapausoak ematen ari dira, eta pilotari guztiontzako garrantzia asko daukala ikusten eta igartzen da”.