Mediku kontsultategi berria estreinatuko du Morgak
Kontsultategiak bihar irekiko ditu ateak, eta 285 bizilaguni arreta eskaintzeko prest egongo da. Eraikin berriak medikuntzako eta erizaintzako kontsulta bana izango ditu; horien bitartez, herritarrek Osakidetzara bidezko sarbidea izango dute, baita asistentziaren kalitate hobea ere.
Morgako mediku kontsultategi berriak bihar irekiko ditu ateak, eta herriko 285 biztanleri emango die arreta. Hain zuzen ere, martitzen eta eguenetan 08:00etatik 15:00etara, eta eguaztenetan 08:00etatik 11:00etara izango dute aurrez aurreko mediku arreta jasotzeko aukera morgatarrek. Iaz, 5.719 kontsultari eman zitzaien arreta, horietatik 3.725 medikuarengana joan ziren eta 1.994 erizainengana.
Morgako Udalak birmoldatu duen liburutegi zaharraren eraikinean kokatu da kontsultategi berria, eta 209.000 euroko inbertsioa egin da lanok ordaintzeko. Lanen aurrekontuaren erdia udalak ordaindu du, horretarako eskatutako diru laguntzen bitartez; gainerakoaren zati bat, berriz, Osakidetzak emango dio, “beste osasun zentro batzuk eraikitzean edo birmoldatzean egin ohi duen bezala”.
Instalazio berriei esker, profesional sanitarioek kontsulta mediku bat, erizaintzako beste bat, itxarongela bat eta materialerako biltegia dauzkate. 58 metro koadroko osasun-zentro bhonek egungo irisgarritasun araudian arreikusitako baldintza guztiak betetzen ditu. Izan ere, pazienteek espazio “egokiagoa, irisgarriagoa, zabalagoa eta erosoagoa” izango dutela adierazi dute Osakidetzako arduradunek.
Lehen mailako arreta, “gertu”. Azpimarratu dute Eusko Jauralaritzaren Osasun sailarentzat eta Osakidetzarentzat “oso garrantzitsua” dela lehen mailako arretan inbertitzen jarraitzea eta osasun azpiegiturak hobetzen joatea, “pazienteei eguneroko jardunean eskaintzen diegun arretaren kalitatea mantentzeko”.
Kontsultategi berriagaz beste aurrerapauso bat eman dutela diote Osakidetzako ordezkariek: Osasun zerbitzuak euskal gizartetik gero eta hurbilago egotea eta herritarrei osasun sistemara bidezko den eran sartzea hobetzea.
Era berean, gogoratu dute lehen mailako arretak “garrantzi handia” daukala osasun sisteman: “Kontuan eduki behar da gizarte aurreratuek zahartzearen, kronikotasunaren eta menpekotasunaren erronkari aurre egin behar diotela”. Horregatik, berrikuntza hau “pertsonengandik gertuen dagoen osasun mailako asistentzia indartzeko apustua” dela diote, baita pertsonen osasun integralaren aldekoa ere.