Jon Ander Urresti da aurtengo Durangoko Azokako spotaren protagonista
'BaDA!' leloagaz hitz-jolasa egiten du aurtengo azokako iragarkiak. Gainera, edizio honetako Leire Urbeltzen 'Desipuindegia' kartelari keinu egiten dio protagonistaren bidez.
Durango Azokak gaur aurkeztu du aurtengo iragarkia, eta Jon Ander Urresti aktore bermeotarra da abenduaren 3tik 8ra egingo den azokaren bideoko protagonista.
BaDA! leloagaz hitz-jolasa egiten du aurtengo azokako iragarkiak. Iragarkia Durangoko Landako Gunean grabatu dutela diote: “Hutsik agertzen da pabiloia, baina abenduaren 4tik aurrera berriro ere beteta ikusi ahal izango dugu, 220 erakusmahai baino gehiagorekin”. Iragarkiak, gainera, edizio honetako Leire Urbeltzen Desipuindegia kartelari ere keinu egiten dio protagonistaren bidez. Kili eta Kuir izeneko pertsonaiak sortu ditu irudigileak, eta Urresti horien itxuran azaltzen da irudietan. Sorland eta Filmak enpresek sortu eta ekoiztu dute hogei segundoko iraupena duen bideoa.
PortaDA! lehiaketaren berri ere eman dute. Ikasleen goizik ez dela egongo iragarri dute azokako antolatzaileek, eta horren ordez antolatu dute lehiaketa. LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat antolatu dute lehiaketa. Ikasleek euren sormena garatu beharko dute euskarazko liburu edo disko baten azala hartuta, eta eurekin argazki sortzaile bat ateraz, objektu bat edo euren gorputzeko atal bat erabilita, portada osatuz. Parte hartzeko epea azaroaren 30ean amaituko da.