Halloween Metal Fest jaialdiak "aurreikuspenak gainditu" ditu
Elizabeltz bermeotarrek eta Diabulus in Musica nafarrek eskaini zituzten kontzertuen kalitatea nabarmendu gura izan dute antolatzaileek.
Spookypheria Productions elkarteko kideak “oso pozik” daude Halloween Metal Fest jaialdiak eman duenagaz, izan ere, “aurreikuspenak gainditu” dituztela diote. Gogorarazi dutenez, jesarrita ikusteko jaialdi batean pentsatuta antolatu zuten aurtengo jaialdia. “Orduko edukiera ez zen 100 pertsonara heltzen, gerora neurriak malgutu ziren. Eta, zapatuan, pentsatuta geneukan kopuru hori ondo baino hobeto bete zen”, esan dute.
Elizabeltz bermeotarrek eta Diabulus in Musica nafarrek eskaini zituzten kontzertuen kalitatea nabarmendu gura izan dute: “Izugarri egon ziren eta ikusgarriak izan ziren bi taldeen kontzertuak. Uste dut bertaratu zirenak gustura egon zirela, giroa ere oso ona izan zen”.
Atsedenerako “tarte txiki” bat hartu eta datorren urteko Halloween Metal Fest jaialdia prestatzen hasiko direla esan dute: “Espero dugu datorren urtekoa ohiko formatuan egin ahal izatea”.
Spookypheria Productions elkarteak, baina, Halloween Metal Fest jaialdia baino gauza gehiago antolatzen ditu. Aratusteetan ere hitzordua izaten dute bermeotarrekin, eta buruan badaukate Vade Retro Party-a egin ahal izatea martxoaren 5ean, Bermeoko Kafe Antzokian bertan. Hala ere, osasun egoeraren zain egon beharko dutela adierazi dute. Pandemiagaz, gainera, Gorefest jaialdiaren 20.urteurrena ere bertan behera utzi behar izan zuten, eta hori ospatzea ere badute buruan: “2022an Gorefestak agian bi data edukiko ditu, bueltaka gabiltza zelan egin”. Beste alde batetik, iaz abiarazi zuten proiektu solidarioekin ere jarraitzeko asmoa daukatela iragarri dute; “gero eta garrantzia handiagoa ematen diogu elkartean proiektu solidarioei”.