Alluitz de Bilbao kortezubitarra bere kategoriako onena izan da Donostiako Krosean
20 urtez azpikoetan, Lekeitioko Tximista Taldeko Lorea Erekatxo bermeotarra bigarren sailkatu da. Bestalde, Gernikako klubak taldekako hirugarren postua lortu du 18 urtez azpiko nesken kategorian, Lucia Antxiak, Amets Antxiak, Ane Zugazagak, Jone Oar-Artetak eta Maria Goitiak osatutako taldeagaz.
Gernika Atletismo Taldeko Alluitz de Bilbao Ortega bere kategorian helmugaratzen lehenengoa izan zen 68. Nazioarteko Donostiako Krosean atzo [azaroak 7]. Hain zuzen, 10 minutu eta 23 segundoko denboragaz, nesken 16 urtez azpiko kategorian igo zen podiumaren gorengo postura. PaysBasque Athletisme klubeko Romane Lallement bi segundora geratu zen, eta Bidezabal Durango ATko Axpe Aja Aldalur sei segundora.
Gernika-Lumoko klubaren arduradunen berbetan, denboraldi hasiera honetan, kortezubitarra “sasoiko eta indartsu dabil” eta atzo Lasarten lortutako garaipenak “balio handiagoa du, Euskadiko atleta onenekin” lehiatu baitzen. Proba horretan Diana Ilau gernikarrak ere lan ona egin duela azpimarratu dute.
20 urtez azpikoetan, Lekeitioko Tximista Taldeko Lorea Erekatxo Monasterio bermeotarra bigarren sailkatu zen, eta Durango Kirol Taldeko Izaro Egibar Pico bermeotarra laugarren sailkatu zen. Txindoki ATko Iraia Mendia Arrieta izan zen kategoriako azkarrena, 13 minutu eta 15 segundoko markagaz. Harengandik 19 segundora amaitu zuen Erekatxok, eta BAT klubeko Sara Manzisidor Arambarri hirugarren postuan geratu zen (14.18). Egibarrek, berriz, 14 minutu eta 45 segundotan amaitu zuen krosa.
Bestalde, Gernikako klubak taldekako hirugarren postua lortu zuen 18 urtez azpiko nesken kategorian, Lucia Antxiak, Amets Antxiak, Ane Zugazagak, Jone Oar-Artetak eta Maria Goitiak osatutako taldearekin. “Oro har, Gernika Atletismo Taldeko neskak maila altua ematen ari dira denboraldi hasiera honetan. Lasarten huts egin ez zuen beste bat Iara Auzokoa da, taldearen ikurretako bat”, esan dute Gernika ATren ordezkariek.
Mutilen 18 urtez azpikoetan kategorian, Jon Zugazaga “oso ondo” aritu zen, eta zazpigarren postuan sartu zen helmugan. “23 urtez azpiko proban, Unai Lobatok, beti bezain indartsu eta fidagarri, kalitate handiko lasterketa egin zuen, eta senior mailako proban Ibon Bilbaok atletismo elite afrikarrarekin korritzeko pribilegioa izan zuen eta lasterketa dotorea egin zuen”. 50. sailkatu zen Lobato, 33 minutu eta 33 segundoko denboragaz, eta 59. sailkatu zen Bilbaok 34 minutu eta 51 segundotan amaitu zuen krosa.
Bestalde, Durango Kirol Taldeko Amaia Pico Gabantxo bermeotarra 34. sailkatu zen; 35 minutu eta 11 segundotan amaitu zuen lasterketa. Kirol egokituan, Ascensores Bertako-Javi Conde klubeko Markel Arano Uriarte natxituarrak 12 minutu eta 24 segundotan amaitu zuen proba.