Ekaliptoak landatzearen ondorioez ariko da Keko Alonso Ajangizen
Basogintza aukerak ere aztertuko dituzte azaroaren 11rako antolatu duten hitzaldian
Eukaliptoak eskualdeko basoetan eta ingurumenean duen eraginari buruz aritzeko berbaldia antolatu du Bizisarek Ajangizen. Udalaren laguntzarekin antolatu duten hitzaldian, eukaliptotik harago basogintza errentagarria izan daitekeela azalduko du Keko Alonso biologoak, eta Basogintza aukerei buruz ere ariko da. Hitzaldia azaroaren 11n izango da, 18:30ean, Ajangizko kultur etxean.
Eukaliptoa oso azkar hazten den zuhaitza izanik, hazteko erritmo azkar horri eusteko lurreko materia organiko guztia hartzen duela azalduko die Alonsok herritarrei, eta horrek lurra pobretzea dakarrela. Horrez gain, eukaliptoak lurra lehortzearen zergatia, edota eukaliptoak dauden inguruneetan uholde eta higadurak sortzearen arrazoiak azalduko ditu, besteak beste.
Basora irteera. Hitzaldiaz gain, Larrabetzura irteera ere antolatu du Bizisarek. Azaroaren 27an izango da, eta Besaia elkarteak Larrabetzun duen basora joango dira. Horretarako, 10:30ean batuko dira, Ajangizeko plazan.