"Talde lana da antzerkia, ez da gauza pertsonal bat"
Laugarrenez, herritarrak antzerkira hurbiltzeko ‘Keinu’ ikastaroak prestatu ditu Artedramak. Ander Lipus aktorearena izango da Astran egingo diren hiru ikastaroetan lehena; asteburuan izango da.
Keinu antzerki ikastaroak antolatu ditu Artedramak laugarrenez. Antolatzaileek arte eszenikoetara hurbildu gura duten herritarrei horretarako aukera eskaini gura diete, eta hori sustatzeko hiru saio prestatu dituzte Astran. Ander Lipus aktoreak zuzenduko du lehenengo saioa asteburuan.
Laugarrenez antolatu dituzue Keinu antzerki saioak. Oraingoan, horrenbesteko edukiera neurririk barik.
Gogoz gaude. Pandemia garaian dena zen arraroa, eta antzerkiak Gernikan behar duen tokia izateko gogoz gaude. Udalerrian antzerki tailerrak eskaintzeko aukera eduki gura dugu, izan ere, Artedramako egoitza dago bertan. Gernikako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik jasotzen dugun babesa dela eta, uste dugu ezinbestekoa dela herritarrei eta eskualdeko biztanleei antzerkira hurbiltzeko aukera eskaintzea. Hori sustatzeko asmoz abiatu genuen proiektua.
Herritarrak antzerkira hurbiltzeko asmoagaz jaio ziren ikastaroak, baina beste helburu batzuk ere badituzue, euskarazko antzerkia sustatzea, esate baterako.
Antzerkizaletasuna sustatu gura dugu, baina guk euskarazko antzerkia egiten dugu, eta antzerkian euskaraz gabiltzanon arteko espazio bat irekitzea ere bilatzen dugu. Antzerkirako formakuntza ikastaroak euskaraz jasotzea ez da ohikoa izaten, nahiz eta gero-eta saio gehiago egon. Hala ere, ez dira nahikoa, eta uste dut Gernika bezalako herri euskaldun batean euskarazko antzerkia sustatzea beharrezkoa dela. Halaber, emakume aktoreen lana ere ikusarazi gura dugu. Hiru saio prestatu ditugu, eta bi emakumezkoek zuzenduko dituzte. Emakume asko ari da antzerkian lanean, eta eurei euren gogoetak, jakintzak, metodoak eta dakitena transmititzeko espazioa eskaini gura izan diegu ikastaro hauekin.
Orokorrean, antzerkia ikasteko edota antzerkira hurbiltzeko aukera gutxi egoten da herrietan. Antzerki taldeak dauden herrietan baino ez dira saioak egoten. Hutsune hori betetzea da zuen asmoa?
Elkartzeko eta antzerkiaz gozatzeko espazio bat lortu gura dugu saioekin, eta espero dugu jende asko gerturatzea. Antzerkizaletasuna zabaltzeko asmoz gabiltza, eta aktore profesionalak Gernikara hurbiltzea bilatu dugu. Baina saioak profesionalei zein amateurrei zuzenduta daude. Tailerrak irekiak dira, eta antzerkiari buruzko jakinmina izanez gero, inoiz antzerkirik egin ez duen norbait ere gerturatu daiteke Astrara.
Astragaz elkarlanean, saioak fabrika sozialean izango dira.
Orain arte Elai Alai aretoan egin izan ditugu, baina orain Astran egingo ditugu. Astraren konplizitatea lortu dugu, eta bigarren solairuan daukaten espazioan emango ditugu tailerrak. Oso gustura gaude aukera berri honegaz, herritarren eta elkarteen arteko inplikazioa lortu dugulako. Kasu honetan, Astrak espazioa utzi digu, eta oso eskertuta gaude. Elkarlan hori Artedramarentzat oso garrantzitsua da.
Lau ekitaldi hauetan, ibilbide luzeko aktoreek eskaini dituzte saioak. Hori ere aberasgarria da parte hartzaileentzat.
Irakasle desberdinei keinu egiteko asmoz deitu genien Keinu saio hauei. Izan ere, irakasle ezberdinei keinu egin gura izan diegu. Etortzen diren irakasleei keinu egin nahi diegu, eurek dakitena transmititzeko aukera eskaintzea diegulako. Horretan gabiltza, ikasleei irakasleen jakintzaz, metodo edota antzerkia ikusteko ereduaz gozarazteko aukerak eskaintzen.
Anitza da irakasleen eredua eta anitza transmititzen duten ezagutza.
Oso desberdina izango da nik emango dudan saioa edo Ruthek eskainiko duena. Bakoitzak gure ikuspuntutik landuko dugu antzerkia, baina bakoitzak bere eskola dauka, baita egiteko modua ere. Hori aberasgarria da ikastaroetako parte hartzaile zein antzerkiarentzat berarentzat ere.
Lehenengo saioa zurea izango da. Aktorearen jokoa eta dantza landuko dituzu. Zer ikasiko dute bertaratzen direnek?
Interpreziorako edo eszena gainean egoteko aktoreek behar dituzten tresnak zeintzuk diren lantzen dut nik. Tresna horiek teknika ezberdinak dira, aktorea espazioan kokatzeko eta pertsonaia bat eraikitzeko momentuan behar dituztenak; gorputzari eta ahotsari lotutako tresnak lantzen ditut nik. Horretarako, oso garrantzitsua da jolasa eta dantza lantzea; hau da, gorputzak eduki ahal duen bizitza propioari erreparatzea. Azken batean, gezur bat kontatzen ari gara, baina gezurrak benetakoa izan behar du. Horretarako badaude tresna batzuk, eta horiei buruzko lan saioa da nik emango dudana.
Zelan landuko duzu hori?
Ariketa ezberdinak egingo ditut horretarako. Eta saiatuko naiz parte hartzaileekin jolasten, eszena desberdinak planteatuz edota irakurketa desberdinak eginez. Ikasle taldearen arabera ariketa mota desberdinak egokituko ditut, taldean dagoen indarraren arabera. Sei orduko ikastaroa da, laburra da, baina antzerki gosez dabilenarentzako aproposa. Entrenamendu bezala ere ulertu daiteke ikastaroa. Antzerkia entrenamendua da, eta gure gorputza eta ahotsa olioztatu behar ditugu batzuetan. Horiek dira gure erremintak, eszena gainean aritzeko gure tresnak. Antzerkiaz gozatzeko ere badira sei ordu horiek, lan taldean gozatzeko.
Talde lanari ematen diozue garrantzia saioetan?
Antzerkia taldea da, ez da gauza pertsonal bat. Antzerkiak taldean lantzen dira eta aktoreen hartu-emanean oinarritzen dira. Bakarrizketetan ere, publikoagaz kontaktuan zaude, beti dago besteagaz lan egiteko fundamentua. Hori oso garrantzitsua da. Talde lana da antzerkia, ulertzea besteak daukala giltza eta besteak ematen dizun horrekin sortzen duzula zuk. Ez da bakarkako kontua, taldean egiten den eta elkarlanean egiten den jokoa da antzerkia.
Laugarrenez aurten. Zelakoa izan da orain arteko ibilbidea?
Antzerkian interesatutako jendea dago, eta poztekoa da. Guk antzerkia sustatzeko lan horregaz jarraituko dugu. Gernika herri handia da, eta antzerkiak bere lekua eduki behar du, eta gu bertan egonda, ezinbestekoa da gu horretan aritzea. Etxeko txikienei ere antzerkizaletasuna transmititzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu. Umeek izena ematea oso garrantzitsua da.
_______
Ikastaroetarako izen emateko aukera dago.
Bizilagunak antzerkira hubiltzeko eta udalerriko kultur eskaintza bultzatzeko helburuagaz, hiru saio prestatu dituzte Astran.
Lehenengo ikastaroa asteburu honetan izango da Ander Lipusegaz; bigarrena azaroaren 20an eta 21ean Ruth Guimerarigaz; eta, hirugarrena, abenduaren 12an eta 13an Oihane Enbeitagaz. Lehenengo bi saioak 16 urtetik gorakoentzat izango dira, eta Enbeitarena 6 urtetik 11ra bitartekoentzat.
Ikastaroetan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute 615 77 95 11 telefono zenbakira deituta, info@artedrama.com helbide elektronikora idatzita edo www.artedrama.eus/keinu webgunera sartuta.
Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte parte hartzera: ”Etorri jolasa, irudimena eta sorkuntza elementu nagusitzat dituen abenturan gugaz murgiltzera”.