Julen Alonsorentzat, Gurot lehiaketako Bizkaiko banakako saria
Bigarren urtez jarraian irabazi du Bizkaiko banakako saria gernikarrak. Banakako lehiaz gain, taldekakoa ere abiatu du 'Gurot' aplikazioak. Herri mailan azaroaren 8tik abenduaren 8ra jokatuko da, eta horretan parte hartzeko astelehena da izena-emateko azken eguna.
12 eta 17 urte bitarteko gazteen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duen Gurot euskal galderen aplikazioak Bizkaiko banakako lehiaketako saria banatu du. Eta, bigarren urtez jarraian, Julen Alonso Saenz gernikarrak eskuratu du Bizkaiko banakako saria.
Gernika BHIko ikasleak errealitate birtualeko betaurrekoak irabazi ditu, irailetik urriaren amaiera arteko tartean lortutako emaitzei esker. Bera izan da bakarkako fasean puntu gehien bildu dituena. Horretarako, aisiari, arteari, gizarteari, hizkuntzari, kirolari, kulturari, naturari eta zientziari buruzko galderak erantzun behar izan ditu.
Taldekakoa, hasteko prest. Banakako lehiaz gain, taldekakoa ere abiatu du Gurot aplikazioak. Herri mailan azaroaren 8tik abenduaren 8ra jokatuko da, eta horretan parte hartzeko astelehena da izena-emateko azken eguna; izan ere, egun horretan bertan abiatuko da lehia. Inskribatzerakoan, talde buruaren herria hartuko dute erreferentziatzat.
Hiru lagunez osatutako talde mistoak izan beharko dira parte hartzaileak. Taldekide bakoitza bakarka ariko da lehian, baina taldekide guztien puntuak bilduko dira gero. Taldekako lehian ere, jokatzeko ordubeteko muga izango dute gazteek.
Herri mailan sailkatzen diren lehenengo bi taldeek Bizkaiko aurrez aurreko finalean lehiatzeko txartela eskuratuko dute. Finala abenduaren 20an Bilboko BBK Aretoan jokatuko da. Talderik onenak taldekide bakoitzarentzako ordenagailu portatila irabaziko du, bigarren taldeko kideek bakoitzarentzako smartwatch bat eskuratuko dute, eta hirugarren onenek, 50 euroko bono denda jasoko dute kide bakoitzarentzako.