Hamazortzigarren ikasturtea hasteko prest
Astelehenean Ezetz Jakin lehiaketa digitala martxan jarrita hasiko du hamazortzigarren ikasturtea Gernika-Lumoko Berbalagunek. Aurtengoan ere, euskararen erabilera bultzatzeko ekintzak izango dituzte oinarri.
Ezetz Jakin lehiaketa digitala martxan jarrita hasiko du astelehenean hamazortzigarren ikasturtea Gernika-Lumoko Berbalagunek. Lehiaketak bide digitala jarraituko du aurten ere. Hala ere, “aurrerago”, Ezetz Jakin lehiaketaren paperezko formatua berreskuratzeko asmoa daukatela iragarri dute antolatzaileek.
Ezetz Jakin lehiaketa Egunean Behin aplikazioaren bitartez jokatzeari ekin zioten iaz, joko horren dinamikara egokituz. Berbalagunkideek taldea sortu zuten, eta egunean behin erantzuten zituzten aplikazioak prestaturiko hamar galderak. Gero, asteroko sariak taldeko sailkapenaren arabera banatzen zituzten. Aurten ere, hala egingo dute. Hori horrela, asteko irabazleak herriko ostalaritzako, merkataritzako edo zerbitzuetako establezimenduetan “euskaraz” gastatzeko 50 euroko bonoa hartuko du. Gainera, parte-hartzaile guztien artean Praktikatu zerbitzuaren materiala eta 20 euroko bono-saria zozketatuko dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, denboraldiko behin bakarrik hartu ahal izango da saria.
Berbalagun egitasmoaren arduraduna den Mikel Fidalgok azaldu duenez, lehiaketan parte hartzeko 16 urtetik gorakoa izan eta Egunean Behin aplikazioa deskargatuta eduki beharko da. Berbalagunen taldeko partaidea izateko, parte hartu gura dutenek aplikazioan izena eman ostean, mezu bat bidali beharko dute gernika_berba@aek.eus helbidera, telefono zenbakia eta Egunean Behin aplikazioan erabiliko den izena edo ezizena zehaztuz.
Azaroaren 8an hasiko dira Berbalagunkideak Egunean Behin aplikazioa erabilita lehiatzen. Hala ere, Fidalgok argi utzi du jendea edozein momentutan batu daitekeela lehiaketara.
Mintzataldeak.
Lehiaketaz gain, hainbat dira Berbalagunek ikasturtean zehar antolatzen dituen ekintzak: Mintzataldeak, mendi irteerak, hitzaldiak eta Euskararen Eguneko 11 orduko irakurtaldia, besteak beste.
Euskaraz sozializatzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko talde zabalak dira Mintzataldeak. Gaur gaurkoz, sei dira osatutako taldeak, baina gehiago izatea espero dute. “Euskaldun zaharrak, euskadun berriak, euskara ikasi gura dutenak edota euskaraz sozializatu gura dutenek osatzen dituzte taldeak, eta guk koordinatu egiten ditugu”, zehaztu du Fidalgok. Dioenez, tipologia desberdinetako edota gustu desberdinetako taldeak daude, ekintza desberdinak egiten dituztenak. Batzukpaseatzera joaten dira, beste batzuetan Mundua konpontzeko tertulian elkartzen dira, eta barikuetan trago bat hartzeko geratzen dira. “Horiek, baina, ez dira talde bakarrak. Berriak ere sor daitezke, ordu eta egun desberdinetan”, zehaztu du.
Berbalagunen erronka nagusia da jende gaztea Mintzataldeetara gerturatzea: “Ea lortzen dugun jende gaztea erakartzea, bai Mintzataldeetara, bai beste ekintza batzuetara ere”.
18 urtez egitasmoa bultzatzen.
2004an ipini zuten martxan AEK-k, udal euskaltegiak eta Gernika-Lumoko Udalak Berbalagun egitasmoa. Euskaraz berbetako talde presentzialak sortzeaz gain, bestelako egitasmoak sortzeko asmoa ere bazuten. Hala, 2004-2005 ikasturtean egin zuten lehenengoz Ezetz Jakin lehiaketa.
Iñigo Magunagoikoetxea udaleko euskara zinegotziak azpimarratu duenez, euskaldun zaharrak, berriak eta euskara ikasteko eta erabiltzeko gogoa dutenak batzea eta euren artean euskararen erabilera bultzatzea dira egitasmoaren helburu nagusiak. Eta zehaztu du egitasmo hau udalak lau urterik behin onartzen duen euskara sustatzeko plan estrategikoan aintzat hartuta dagoela, euskalduntze eta alfabetatze esparruan hain zuzen ere. “Baina argitu gura dugu esparru horretan egoteak ez duela esan gura prozesu horretan dauden ikasleak direla gure jomuga. Horiez gain, 16 urtetik gorako edozeinek parte har dezake Berbalagunek sortzen dituen ekintzetan. Mintzataldeetan azpimarratu gura dugu euskara maila ezberdineko eta adin tarte ezberdineko erabiltzaileak egoten direla. Eta helburu nagusia euskaraz aritzea dela, erabilpena garatzea”, azaldu du zinegotziak.
Bittor Zarrabeitia udaleko euskara zerbitzuko buruak eta proiektuaren sustatzaileetako batek jakinarazi du iaz berretsi zutela egitasmoa udalean: “2004an sinatu zen lehenengo hitzarmena, eta ordutik urtero edota lau urterik behin berretsi da egitasmoa. Azkena iaz sinatu zen, 2020an, hurrengo lau urteetarako”. Berbalagunen aurrekontua 18.000 eurokoa dela adierazi du, “kopuru garrantzitsua” dela esanez. “Dinamizatzailearen kostuak ordaintzen dira diru sail horregaz, eta 5.000 euro inguru ekintzetarako erabiltzen ditugu”, azaldu du.
Horrez gainera, Berbalagunen hamazortzi urteko ibilbidean egitasmoak izandako babesa eskertu die herriko talde, eragile edota erakundeei: “Egitasmoaren helburua herritarrak edota norbanakoak euskararen erabilera sustatzeko asmo honetan inplikatzea da. Eta ezin ditugu ahaztu herriko hainbat eta hainbat eragile, talde edota erakunde”. Ezetz Jakin lehiaketa prestatzerakoan herriko taldeen ekarpenak jaso dituzte urte luzez, eta lan hori eskertu die herriko talde ezberdinei euskara zerbitzuko buruak. 11 orduko irakurraldian parte hartzen duten guztiei laguntasuna eskertu die.
Mendi irteeretatik sortutako Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak argitalpena nabarmendu du Zarrabeitiak: “Berbalagunen ekintza batetik sortutako argitalpena da. Ibilaldi bakoitzeko fitxak daude jasota horretan, eta bertan agertzen dira, ibilbideen mapak, itoak, naturari buruzko informazioa… Guztira 20 ibilbide daude. Hori guztia Txiki Elgezabal eta Iratxe Uriguenen lanari esker egin ahal izan dugu”.