Institututik Foruko mugara arteko tarteak itxura berria dauka
Inguru horretan lanekin jarraituko du udalak. Beste espaloian dagoen oinezkoentzako pasabidea goratuko eta beste espaloiaren altuerara dagoen beste pasabide bat egingo dute.
Gernika-Lumoko Carlos Gangoiti kaleko tarte horretan hobekuntza lanak egin ditu udalak, herritarren segurtasuna bermatu asmoz. Hain zuzen, Institututik Foruko mugara arteko tartean egin dituzte obrak.
Izan ere, espaloi hori ez zegoen “egoera onean”. Hala, 400 metroko luzerako eremuan esku hartu dute. Espaloia kendu eta hormigoia bota dute lurra egonkortzeko, eta, hori eginda, baldosak jarri dituzte. “Espaloia kentzerakoan ohartu ginen baldosen azpian ez zegoela hormigoirik, eta lurra ez zegoela oso egonkortuta. Oso gorabeheratsua zen oinezkoentzako bide hori. Hala, hormigoia jaurti genuen, lurra ez hondoratzeko”, azaldu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Espaloiko lanak amaitu eta gero, baranda bat jarri dute, “ondoan ia metro bateko sakonera duen erreka txiki bat dagoelako”. Halaber, herritarrak esertzeko jarleku berriak jarri dituzte, aurrekoak egoera txarrean zeudelako.
Lanokin, udalak, oinezkoen segurtasuna bermatzeko helburuan «beste pauso» bat eman duela dio alkateak.
Lanak 950 metro koadroko azaleran egin dituzte, eta 73.164 euroko aurrekontua izan dute. Alkateak zehaztu du, lanok udaleko brigradako lan taldeak egin dituela bi hilabete eta erdiko denboran.
Bi pasabide goratuko dituzte. Inguru horretan, baina, lanekin jarraituko du udalak. Beste espaloian dagoen oinezkoentzako pasabidea goratuko du, errodadura bidearen eta pasabidearen arteko malda kenduz. Urbietarantz joateko bidean ere, espaloiaren altuerara egongo den beste oinezkoentzako pasabide bat egingo dute, oinezkoen iriste erraztasuna eta segurtasuna bermatzeko: “Etxe batzuetarako sarbidea dago han, eta ibilgailuen joan etorria geldotu gura dugu. Izan ere, asko dira handik paseatzera joaten diren adin nagusiko zein gazteko herritarrak”.