Euskal Girotze Barnetegiak Gorozikako aterpetxea beteko du ikasturte honetan
Ikasturte osoko astegunetan ikaslez beteko da ikastetxe zaharra. Asteburuetan aterpetxe modura ere erabili ahalko dela zehaztu dute udal arduradunek.
Gorozikako Elizalde auzoko antzinako herri ikastetxeak Euskal Girotze Barnetegiak hartuko ditu aurtengo ikasturtean. Muxikako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean abiatu dute proiektua, eta jakinarazi dutenez, ikasturte osoko astegunetan ikaslez beteko da ikastetxe zaharra; asmoa hurrengo ikasturteetan ere proiektuagaz jarraitzea dela agertu dute. Asteburuetan aterpetxe modura ere erabili ahalko dela zehaztu dute udal arduradunek.
Euskal Herrian zazpi Euskal Girotze Barnetegi besterik ez daude, eta horietako bat da Gorozikakoa. Irailaren 1ean zabaldu zuten, eta, irailaren 27az geroztik, ikaslez bete da. Astero-astero, batez beste, 25 ume inguru gerturatzen dira udalerrira eta, zehaztu dutenez, ikasturte guztiko aste egunak beteta egongo dira: “Astero astelehenetik eguenera bitartean etortzen dira eskoletatik. Bermeoko ikastetxe batekoak ere gerturatuko dira aurten”.
Euskal Girotze Barnetegiek etxeko edo kaleko erdal giroan bizi diren ikasleei euskal giro aberats bat ezagutzeko eta euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen diete. Era horretan, ikasleen euskara ikasteko prozesuari eta hizkuntzarekin duten harreman afektiboari bultzada eragingarria ematea bilatzen dute. Batez ere, euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei euskaraz komunikatzeko gai direla erakutsi gura diete, euren buruekiko segurtasuna eta konfiantza sortuz, eta hitz-etorria indartuz. Beraz, Gorozikako barnetegiaren asmo nagusia ikasleen hizkuntzaren erabilera eta haren aldeko motibazioa indartzeko ekintzak burutzea izango dela adierazi dute arduradunek.
Eta hori antzinako eskoletan egingo dute. Orain arte Bilbo zaharreko euskaltegi batek izan du alokatuta eraikina, euskaltegiko barnetegiak bertan egiteko asmoz. “Baina gauzak asko aldatu dira, eta antzina barnetegiek ondo funtzionatzen bazuten ere, gaur egun ez. Hala, euskaltegi horrek eraikina alokatzeari utzi dio aurten, eta Jaurlaritzaren Hezkuntza saila gurekin harremanetan jarri zen horretan Euskal Girotze Barnetegia egiteko”, adierazi du Begoña Enbeita herriko alkateak.
Hiru lanpostu berri. Udalak proposamena onartu eta etxea atondu behar izan du, “zaharkituta zegoelako”. Gainera, proiektuak herrian hiru lanpostu berri sortzeko aukera eskaintzen zuela ikusita, hori bultzatzea erabaki zuten. Izan ere, barnetegia eta barnetegiko irakasle zein saioak Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu, baina, etxea eta etxeko zerbitzua udalaren ardura dira. Hori dela eta, lan poltsa bat sortu eta hiru herritarrei herrian lan egiteko aukera eskaini die udalak: “Ikusi genuen herrian hiru lanpostu sortzeko aukera eskaintzen zuela proiektu berriak, eta aurrera egin genuen. Hala, hiru langile kontratu ditugu, bi sukaldari eta garbitzaile bat”. Jantokian bertoko produktuak bertotik bertora ematea sustatu gura du udalak.
Etxeko kudeaketa udalarena denez, bariku, zapatu eta domeketan hori alokatzeko aukera eskaintzen dutela zehaztu dute: “Barikutik domeketara bitartean bestelako erabileretarako ere erabili ahalko da etxea. Eraikina zabalik dago ikastaroak egiteko, aterpetxe modura erabiltzeko…”. Bestelako erabilera bat eman gura izanez gero, herritarrek edo udalerrira gerturatu gura dutenek udalera deitu beharko dute: 94 625 76 85.