Neska batek jasandako erasoa salatu dute Gernikako Institutuan
Urriaren 23an, Bizkaiko Ikamak Astran antolatutako jaialdiaren ostean, neska ikasle batek jasandako erasoa salatu du Ikamak. Gertaera arbuiatzeko eta erasoa jasan duen neska ikasleari babesa adierazteko elkarretaratzean batu dira gaur institutuan.
Neska ikasle batek jasandako erasoa salatu dute gaur Gernika-Lumoko Institutu aurrean. Bizkaiko Ikamak militantziari eta haren komunitateari aisialdirako espazio bat eskaini asmoz, jaialdia antolatu zuen urriaren 23an Astran, eta egun horretan neska ikasle batek jasandako erasoa salatu du Ikamak: “Jaialdia eta espazioa bera gune seguruak izatea bermatzen saiatu ginen, espazioak zuen protokoloa baliatuz; hala ere, jaialdia amaituta zegoela eta Astra ia hutsik zegoela, kanpoaldean zegoen ikasle talde batek txistuak jasan ostean, talde horretako neska ikasle batek eraso bat jasan zuen, ukimenduak medio”.
Erasoa salatzeko eta erasoa jasan duen neska ikasleari babesa adierazteko elkarretaratzean batu dira gaur Ikamako kideak eta institutuko ikasleak, eta Gernika-Lumoko Sare Feministak eta Enbatak salaketagaz bat egin dute. “Bizkaiko Ikamatik gogor salatu nahi dugu horrelako espazio batean emandako erasoa, eta babesa eman nahi diogu erasotua izan zen neska ikasleari”, adierazi dute.
Adierazi dute, gainera, eraso hori ez dela “egoera isolatu bat”, gizarte cisheteropatriarkalaren “beste isla bat” izan dela esanez. Hala, hezkuntzatik eragitea eta feminismoan oinarritutako heziketa prozesu baten alde egitea beharrezkoa dela deritze: “Gizakia ez delako berez biolentoa, gure heziketa prozesuan txertatzen den momentuan eraikitzen delako biolentzia. Gorputz eta subjektuen aurkako bortxaketaren edo biolentziaren kultura, ikasleok jasotzen dugun heziketa sexual eskasaren ondorio zuzena da”.
Ikamako kideek uste dute hezkuntza, sistema cisheteropatriarkatuaren “eraikuntzarako tresna” den heinean, horri aurre egiteko “ezinbesteko gakoa” ere badela: “Feminismoan eta parekidetasunean oinarritutako herri bat eraikitzeko ezinbestekoa baita bertako herritarrak, eta, hortaz, ikasleak kontzientzia eta balore feministetan heztea”.