Natxituko Jai Batzordearen proposamena, azaroko asteburuetarako
Natxituko Jai Batzordetik azaroaren 6ko, 13ko eta 21eko ekintzetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Azaroko asteburuak bueltan datoz Natxituko Bolatokira. 2019ko azaroan antolatu zituzten azkenengoz ekimenaren baitako ekitaldiak, eta Natxituko Jai Batzordeak Eako Udalaren laguntzagaz, 2021eko azaroko hiru asteburutarako proposamenak prestatu ditu. “Bolatokia udan zabaldu zen aforo mugatuagaz, eta oraingo neurrien barruan aforo mugaturik ez dagoenez, eta normaltasunez zabalik dagoenez, jai batzordekoak azaroko egitaraua berrartzera animatu gara”, azaldu dute antolatzaileek.
Azaroaren 6ko, 13ko eta 21eko ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. Hiru egun horietan eguerdian zein arratsaldean egingo dituzte ekitaldiak: “Jendea animatzea nahi dugu. Urte eta erdiko etena eduki dugu, eta ea berriro harremanak estutzen hasten garen. Galdu dugun hori berreskuratzen saiatu nahi dugu”. Izan ere, sorreratik egitasmoaren helburua herriari bizia eman eta belaunaldien arteko harremanak sendotzea da, alkarregaz egoteko eta elkarbanatzeko tartea hartzea, eta pandemiak hori mugatu du.
Herriari eskaintza bat ematea da asmoa, Bolatokiak elkarte modura funtzionatzen du, baina horretaz gain, adin desberdinetako jendea batzea eta aisialdirako gauzak eskaintzea dute helburu Natxituko Jai Batzordekoek: “Horregatik egitaraua umeak zein nagusiak kontutan hartuta egiten dugu”. Hain zuzen ere, asteburuko honetako talo tailerrean ere belaunaldi desberdinak batu nahi dituzte, umeetatik hasi eta aitona-amonetara: “Lehenagoko tradizioa da eta denak animatzea nahi dugu”.
Azaroaren 13ko goizerako prestatu duten ibilaldia ere adin guztietako herritarrei zuzendutako dago. Arratsaldean, ostera, Txaber Larreategi natxituarraren eta Josu Martinez bilbotarraren Caminho Longe dokumentala eskainiko dute. Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren eta Kristiane Etxaluz bikotekidearen Euskal Herrirako buelta kontatzen du.
Hirugarren asteburuan, eguerdi partean, Iñigo Lopez Kana lekeitiar musikariak girotuko du Bolatokia. “Natxituan bizi da. Asteburuan txandak egiten ditugu Bolatokian. Normalean, berak txanda daukanean gitarra atera eta aspaldiko kantak jotzen ditu, eta bertan batutakoak kantatzera animatzen dira”.
EGITARAUA:
- Azaroak 6. 13:00etatik aurrera, taloak egiteko tailerra, talo-jana eta sagardo-txotxa. Iluntzean, kantaldia.
- Azaroak 13. 11:30ean ibilaldia inguruetatik. 19:30ean, Caminho longe dokumentala.
- Azaroak 21. 12:00etan, Kana musikariagaz kantaldia. 17:30ean, umeentzako tailerra eta pelikula.