Busturialdeko hiru bertsolari ariko dira Bizkaiko txapelketaren azken kanporaketan
Getxon jokatuko da domekan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa; 17:00etan, Muxikebarri Zentroan.
Busturialdeak parte hartze zabala izango du domekan Getxon jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketan. Hain zuzen ere, Enare Muniategik (Gautegiz Arteaga), Eneko Aldanak (Forua) eta Koldo Munizek (Forua) parte hartuko dute. Eurekin batera ariko dira Josune Aramendi (Markina-Xemein), Malen Amenabar (Larrabetzu) eta Unai Mendiburu (Algorta). Domekan, 17:00etan hasiko da saioa Getxoko Muxikebarri Zentroan.
Oier Iturralde Fernandez izango da gaiak jarriko dituena. Epaimahaiko kideak, berriz, hurrengoak izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkari lanak Itziar Basterretxea Olarreagak egingo ditu.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara eta, besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.
Busturialdeko hamahiru bertsolari egon dira kanporaketa fase honetan. Eta 2018ko finalistak izateagatik zuzenean finalerdietan sartuko da Onintza Enbeita Maguregi muxikarra.
Lehenengo finalaurrekoa Etxebarrian jokatuko da azaroaren 21ean, 17:00etan, frontoian. Ondoren, azaroaren 27an, Galdakaon izango da bigarrena eta abenduaren 4an, Larrabetzun hirugarrena eta azkenengoa.
Etxebarrian ariko da Enbeita, eta baita Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia gernikarra ere, Durangon lehiatutako lehenengo kanporaketa irabazita zuzenean sailkatu delako finalerdietara.
Azken kanporaketaren faltan, aurretik bost jokatu dituzte, eta Ajuriagojeaskoa modura, honako hauek kanporaketak irabazita sailkatu dira hurrengo fasera: Imanol Uria, Txaber Altube, Gorka Pagonabarraga eta Oihana Bartra.
Finalerdietara sailkatzeko puntuazioaren araberako sailkapen horretan, gaur gaurkoz Ander Elortegi Garatea natxituarrak ditu puntu gehien: 477,50 puntu.
Getxon jokatuko den azken kanporaketa horretarako zein finalerdietarako eta finalerako sarrerak salgai daude Internetez. Finala abenduaren 18an jokatuko dute, Bilbon.