Urtaroak islatu beharko dituzte Gautegiz Arteagako argazki lehiaketan
Martxan dago 2022ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Parte hartzeko azken eguna da azaroaren 30a.
Beste urte batez, Gautegiz Arteagako Udalak 2022ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa jarri du martxan. Lau urtaroak Artia da aurtengo gaia, eta azaroaren 30era arte (12:00ak baino lehen) jasoko dituzte argazkiak.
Hori horrela, zazpigarren edizioan, urtaro desberdinetan udalerriak izaten duen itxura irudikatu beharko dute argazki lehiaketako argazkiek. “Ilusio handiz aurkezten dugu argazki lehiaketaren edizio berri hau, badakigulako gure herritarrak aurtengo gaia ezagutzeko zain daudela. Aurtengo gaiagatik, udazkeneko irudiak ateratzeaz gain, parte hartzaileek artxiboko argazkiak berreskuratu beharko dituzte, herria neguan, udaberrian eta udan zelakoa den erakusteko”, adierazi du Juan Felix Naberanek Gautegiz Arteagako alkateak. Lehiaketa herriak oparitzen dituen irudi eder eta ugariak bilatzeko “aitzakia bikaina” eta familian egiteko ekimen berezia dela gaineratu du.
Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez, aurretik argitaratu gabekoak. “Lanak ezin dira aldez aurretik aldizkari, egunkari edo liburu inprimatuetan edo online argitaratuta egon”, zehaztu dute. Argazkiak formatu lektronikoan edo formatu fisikoan edo paperean aurkeztu ahal izango dira, eta jabeek lehiaketa amaitutakoan jasoko dituzte. Azaldu dutenez, argazkietan norbait agertuz gero, egileak bere baimena izan beharko du argazkia lehiaketara aurkezteko.
Herritarrek udaletxean utzi edo posta arruntez (Herriko Enparantza 1, Gautegiz Arteaga, 48314) edo posta elektronikoz (udala@gautegizarteaga.eus) bidali beharko dituzte argazkiak.
Alkateak lehiaketan parte hartzera deitu ditu herritarrak, sormena sustatzeko eta familian edo lagun artean gozatzeko aukera ematen duen ekimena delako: “Sormenagaz jolasteko adin guztiei zabalik dagoen ekimena da”.
Jasotako argazkien artetik hamabi aukeratuko dituzte egutegirako, hilabete bakoitzeko bana. Abenduaren 17an banatuko dituzte sariak, Kultur Etxean, eta lehiaketagaz zerikusia daukan sari bana jasoko dute irabazleek. Gainera, erakusketa ere jarriko dutela aurreratu dute.