Busturiko berbalagunak ere martxan daude
Talde bat sortu dute eta barikuro batzen dira. Beste talde bat sortzekotan daude hilabete honetan.
Beste herri batzuetan egin modura, Busturiko berbalagunak ere martxan daude. Jakitera eman dutenez, urriaren hasieran abiatu zuten egitasmoa. Momentuz, talde bat daukate martxan, hala ere, azaroan beste talde bat martxan hastea espero dutela diote.
Berbalagun egitasmoaren dinamizatzaileak azaldu duenez, iazko ikasturtean elkartzen hasi zen taldeak jarraitzen du aurten ere; “egun eta ordu berean elkartzen dira, barikuro 10:30etik 11:30era“. Topalekua ere mantendu egin dutela zehaztu dute, hain zuzen ere, Axpeko tren geltokiaren aurrean batzen dira, elkarrekin, euskaraz, paseo bat emateko.
Horrez gain, aurten ere, ekintza osagarriak antolatuko dituztela jakitera eman dute: “Jakin Badakigu sareko lehiaketaren hurrengo edizioak prestatzen ari gara, eta urte amaieran, Busturiko argazki bilduma osatu guru dugu urtea agurtzeko. Seguru sorpresa berriren bat ere egongo dela aurten, baina oraingoz ezin dugu besterik aurreratu”.
Izena eman gura dutenek ikasturteko edozein momentutan egiteko aukera daukate, baita ere, informazioa eskatzeko. Horretarako, Busturiko Udaleko euskara teknikariarekin edo Berbalaguneko dinamizatzailearekin (607 609 580) harremanetan jarri baino ez daukatela gogorarazi dute.