Arrizabalaga laugarren sailkatu da Europako Txapelketan
Emakume Master Cup txapelketaren kanporaketa jokatuko du Ane Mendibururen kontra domeka honetan [azaroak 7], Ortuellan.
Olatz Arrizabalaga gernikarrak laugarren postuan amaitu du Frontoiko Europako Txapelketa. Tolosan (Frantzia) lehiatu dute asteburuan, eta senior kategorian, Miriam Arrillaga geratu da txapeldun.
Zapatuko [urriak 30] finalaurrekoa Maritxu Housset munduko txapeldunaren kontra galdu zuen. 10-8 amaitu zuten lehenengo seta, eta 10-6 bigarrena. Partidu “borrokatua eta oso luzea” izan zen: “Uste dut irabazteko aukerak eduki nituela. Azkenean, detaile txikietan joan zen partidua. Berak oso ondo jokatu zuen, zerbaitengatik da munduko txapelduna. Pena da azkenenego momentu horretan, azkenengo bi tanto horietan ez nuelako lortu finalerako txartel hori”.
Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua ere zapatuan bertan jokatu zuen. 10-9 eta 10-3 galdu zuen Arrizabalagak Marie Goyenetcheren kontra. Lehenengo seta “oso gogorra” eta parekatua izan zen. “Uste dut nire finalaurrekoa gogorragoa izan zela, eta batez ere bigarren setean igarri nuen nekea. Bera freskoago zetorren, bere finalerdia errazago joan zelako, eta freskotasun hori kantxan igarri zen. Egun berean bi partidu jokatzean gorputza nekatuta eduki nuen, eta ezin izan nuen medailatxoa lortu”. Pena hori geratu zaio gernikarrari.
Bere hitzetan, ez da izan bere “txapelketarik onena”, baina egindako lanagaz “gustura” geratu da. 2022an Biarritzen jokatuko duten Munduko Txapelketara begirako txapelketa izan da asteburukoa: “Datorren urteko mundialari begira zelan gauden ikusteko izan da, eta alde horretatik begiratuta, sentsazioak onak izan dira. Gehiago entrenatuta, onenari ere irabazteko prest gaudela ikusi da, eta gehiago entrenatzeko denbora daukagu”. Azkenengo hilabeteetan egindako lanagaz oso pozik dago pilotari gernikarra: “Fisikoki oso ondo ikusi naiz, inoiz baino hobeto. Txapelketa honetan itxura ona eman dugu, eta uste dut mundialera begira paper oso ona egiteko gai izango garela”.
Asteburura begira. Aste honetan Emakume Master Cup txapelketaren kanporaketa buru-belarri prestatuko du. Final-zortzirenetan Ane Mendibururen kontra lehiatuko da domeka honetan [azaroak 7], Ortuellan.
Pasadan astean hasi ziren pilota goxuaren kategorian, eta asteburu honetan hasiko da pilota mistoan ariko diren pilotarien lehia.
“Helburua beti da irabaztea, baina gustatuko litzaidakeena baino gutxiago entrenatu dut lau t’erdian. Europako txapelketa prestatzen ibili gara udan, eta lau t’erdikoa prestatzeko ez dut gura nuen beste denbora eduki. Domekako partidua ondo etorriko zait sentsazioak hartzeko. Aurrean aurkari gogorra edukiko dut, gauzak konplikatu ahal dizkidana. Ea zelako sentsazioekin irtetzen garen”, azaldu du aurrelari gernikarrak.