Arimen Gaua, irudietan
Arimen Gaua berrasmatzen ari dira Busturialdeko hainbat udalerritan. Besteak beste, Ajangizen, Ean, Elantxoben, Ereñon, Ibarrangelun, Ibarrurin eta Gernika-Lumon antolatu dituzte ekintzak aurten.
1950. hamarkadara arte, gutxienez herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zela diote, eta euskal ohitura zaharra berreskuratzen eta berrasmatzen ari dira azken urteotan Busturialdean. Hala, gero eta gehiago dira Arimen Gaua ospatzeko tradizioari heldu diotenak.
Iraganera begiratuta, gaur egungo errealitatera moldatuz, jai hori berrasmatzea lortu gura dute Ajangizen.
Atzo arratsaldean mozorroak prestatu, aurpegiak margotu eta kalabazak hustu ondoren, eske-erronda egin zuten Mendieta auzoko hainbat etxetan.
[IKUSI AJANGIZEKO ARGAZKI GALERIA]
Bestalde, Oxygastra Curtisii elkartearen deialdiari erantzunez, 2019an egin modura, aurten ere Arimen Gaba ospatu dute Muxika, Gorozika eta Ibarruriko bizilagunek.
Euriak eraginda, Oroitzapenen Bidea frontoian egin zuten atzo. Aire akrobazien erakustaldia eskaini zuten, eta abesbatzak lagundura, Alargunen dantza ere dantzatu zuten.
[IKUSI IBARRURIKO ARGAZKI GALERIA]
Ean, Elantxoben, Ereñon eta Ibarrangelun ere batu ziren ume, gaztetxo eta helduak. Mozorrotuta eta musikak girotuta pasatu zuten arratsaldea.
Eako Eskolondon eta Ereñoko eta Ibarrangeluko frontoietan elkartuta, jolastu ez ezik, txokolate beroa edateko edota pizzak jateko tartea ere hartu zuten.
Gernika-Lumoko Astran ere jende asko batu zen arratsaldean. Xaiborren ikuskizunagaz girotu zuten Astra Txikik antolatutako Halloween festa.