Astrako babeslekua estali eta oinezkoentzako gunea egokituko du udalak
Gernika-Lumoko Udalak babeslekua estali eta kultur ekitaldietarako egokituko du, inguru hori oinezkoentzako gune bihurtuz. Horretarako, Astrako aparkalekura doan autoen sarbidea lekuz aldatuko dute.
1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumo bonbardatu zutenean, hainbat herritar Astra arma fabrikaren aurrean zegoen babeslekuan babestu ziren. Hamarkada batzuk geroago, babeslekua berreskuratu eta bisitetara ez ezik, kultur ekitaldietara ireki zuten. Babeslekuaren gaur egungo egoera, baina, “ez da ona” Jose Mari Gorroño alkatearen berbetan. Hori dela eta, udalak ondare historikoa babesteko erabakia hartu du: babeslekua estali eta kultur ekitaldietarako egokituko du, inguru hori oinezkoentzako gune bihurtuz.
Horretarako, Astrako aparkalekura doan autoen sarbidea lekuz aldatuko dute, eta bide hori oinezkoentzako pasabidea izango da. Autoentzako sarbide berria Bekoibarra kalera lekualdatuko dute; hain zuzen, Astrako babeslekuaren eta Talleres de Gernikako babeslekuaren artean jarriko dute.
Babeslekuaren gainean, babeslekuaren azalera baino handiagoa daukan egurrezko estalkia eraikiko dute, memoria eta kultur ekitaldiak egin ahal izateko bertan: “Babeslekua baino azalera handiagoa hartuko du egurrezko estalkiak, 200 metro koadro inguru gehiagokoa. Bertan memoria ekitaldiak egin ahal izatea da asmoa”.
“Bonbardaketaren aurreko Gernika-Lumoko aztarna bakarrenetakoa da Astrako babeslekua, eta baldintzarik onenetan mantendu gura dugu. Ez bakarrik babestutako eraikina delako, baita gure ondarearen parte delako ere. Gernikako ondare historikorik handiena memoria historikoa eta babeslekuak dira, eta, horiek, zaindu egin behar ditugu. Izan ere, gainerako guztia suntsitu egin zuten”, adierazi du Gorroñok. Hori dela eta, babeslekuaren inguru hori herritarrentzako “ahalik eta lekurik” erosoena eta irisgarriena izatea bilatu gura du.
347.718,93 euroko aurrekontua daukan proiektua da babeslekuari eragingo diona, eta atzoko osoko bilkuran onartu zuen udal gobernuak. “Orain administrazio-tramiteak egin behar dira, eta horiek oso geldoak izaten dira”, adierazi du alkateak. Horiek amaitzerakoan, lanok hiru hilabeteko epean gauzatzea aurreikusi dute, eta horiek apirilaren 26a aurretik amaituta izatea espero du alkateak: “Bonbardaketaren 85. urteurrenerako eginda egotea gustatuko litzaidake. Horretarako, urtarrilerako adjudikatuta egon beharko dira lanak, eta ikusiko dugu hala den edo ez. Izan ere, administrazio-tramiteak oso geldoak dira”.
Aurrekariak. Astra aurreko babeslekuaren egoera aztertu zuten iaz, eta burututako proiektu horrek bazekitena berretsi zuela dio alkateak: babeslekuak hezetasuna daukala, eta bere egoera ez dela egokia. Auschwitz-Birkenau Museoak antolatutako Auschwitz-i buruzko erakusketa babeslekuan jarri zutenean ohartu zen tokiko administrazioa azpiegiturak dituen gabeziez: “Orduan ohartu ginen antolatu nahi dugun edozein erakusketa kaltetu zezakeela babeslekuaren egoerak”. Ordutik, babeslekuaren egoera konpontzeko asmoa izan du Gernika-Lumoko Udalak.