Olatz Arrizabalagak Europako Txapelketa jokatuko du
Tolosan (Frantzia) lehiatuko dute Europako Txapelketa. Aurrean edukiko dituzten pilotariak nahikoa "indartsuak" direla, eta lan "asko" egin beharko dutela dio Arrizabalagak: "Seniorretan aurrean munduko txapelduna daukagu, eta uste dut momentu honetan dagoen onenetarikoa bera dela".
Espainiak eta Frantziak lehiatuko dute Frontoiko Europako Txapelketa asteburuan, Tolosan (Frantzia). Zapatuan [urriak 30] finalerdiak lehiatuko dituzte 09:00etan hasita, eta domekan [urriak 31], 10:00etatik aurrera jokatuko dituzte finalak.
Lehenengoz antolatu dute txapelketa, eta Olatz Arrizabalaga Munduate gernikarrak parte hartuko du. Bi kategoriatako banakako zortzi partidu (launa emakumezkoenak eta launa gizonezkoenak) lehiatuko dituzte kanporaketetan.
Senior eta absolutu mailan, finalaurrekoetan Arrizabalaga eta Miriam Arrillaga ariko dira, Frantziako ordezkarien kontra. Maritxu Housset munduko txapeldunaren edo Marie Goyenetcheren kontra jokatuko dute. Bihar bidaiatuko dute bertara, eta gernikarrak azaldu du bertara joan arte ez dakitela noren kontra jokatuko duten.
Aurrean edukiko dituzten bi pilotariak nahikoa “indartsuak” direla, eta lan “asko” egin beharko dutela dio: “21 urtez azpikoetan finalean sartzeko aukera gehiago dituzte. Seniorretan aurrean munduko txapelduna daukagu, eta uste dut momentu honetan dagoen onenetarikoa bera dela. Egia da guk asko entrenatu dugula, eta orain dela lau urte geneukan eta orain daukagu maila ez dira berdinak. Lan gaitzak eduki ditugu finalerdiak edota finala irabazteko”.
21 urtez azpikoetan Leire Garai arabarrak eta Miren Larrarte gipuzkoarrak Goyenetcheren eta Ania Oronozen kontra jokatuko dute.
Gizonezkoetan, seniorretan, Iker Espinal eta Santiago Yaniz nafarrek Yon Heguiabehere eta Andoni Larzabal izango dituzte aurkari. 21 urtez azpikoetan, Javier Oscoz nafarrak eta Sergio Gutierrez errioxarrak Olivier Goyenetcheren eta Julen Mariluzen kontra jokatuko dute.
2023ko Munduko Txapelketara begira prestatu dute aipatu txapelketa. Orain dela lau urte jokatu zuten lehenengoz Munduko Txapelketa, Mexikon, eta bertan egon zen Arrizabalaga.