Laster zabalduko dituzte Busturiko tenis pistak
Udan zarratu behar izan zituzten, "kale zurrutean aritzen ziren zenbait taldek kalte ugari sortu baitzituzten". Orain, kamarak jarri dituzte barruan eta kanpoan.
Laster zabalduko dituzte berriro ere Busturiko Altamira auzoko tenis pistak. Udan zarratu behar izan zituzten, “kale zurrutean aritzen ziren zenbait taldek kalte ugari sortu baitzituzten”.
Galera “handia” izan dela esan du Busturiko alkate Aitor Aretxagak: “Kristalak apurtu zituzten, sareei sua eman… Kristal guztiak aldatzea ezinezkoa izango da diru asko delako, baina arriskurik handiena daukatenak aldatuko ditugu”. Teilatua ere konpondu behar izan dute, itoginak zeudelako; “botilekin beteta zegoen teilatua”. Teilatua prest daukate, eta sareak ere jarrita daudela esan du. Kristalak falta dira; “garabi bat behar da horiek aldatzeko”.
Gainera, kamerak jarri dituztela aipatu du, barruan eta kanpoan, “berriro ere horrelakoak gertatzen badira, egiten duenak ordaindu beharko duelako”.
Alkatearen esanetan, kale zurrutagaz «arazo larria» izan dute Busturian: “Bermeon eta Gernika-Lumon udaltzainak edo ertzainak daude. Busturia bi udalerrien artean dago, eta erraz iritsi daiteke, eta hemen ez dago poliziarik. Talde handietan iristen ziren trenez asteburuetan, eta leku aproposa aurkitu zuten kale zurruta egiteko tenis pistetan. Ertzaintza jakinaren gainean jarri genuen, eta tenis pistak zarratu beharra eduki genuen, arriskutsu zeudelako”.
Gaineratu du Ertzaintzak aipatu gunea kontrolatu ostean Axpeko frontoira lekualdatu zutela kale zurruta; “hiruzpalau asteburutan han egon ziren, eta bertan ere kalteak sortu zituzten”. Ondoren, paduretan bilatu zuten lekua, San Kristobal auzoan: “Han dagoen txorientzako behatokiari ere sua eman zioten. Adinekoek ariketak egiteko erabiltzen dituzten makina batzuk ere apurtu zituzten, eta ponpaketa zentroan ere kalteak egon dira. Ibilgailu ugari ere kaltetu zituzten. San Antonio hondartzan ere egun txarrak egon dira, leku batetik bestera joaten ziren. Sakabanatuta dagoen udalerri bat gara, eta ez daukagu poliziarik momentuan kontrolatzeko. Beraz, zailagoa izaten da”.