Eurokoparen bigarrena
Eurokopan bigarren garaipena lortu du Lointek Gernika Bizkaiak; 58-69 irabazi dio Flammes Carolori. H multzoko sailkapenean bigarren dago talde gernikarra.
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokoparen hiru jardunaldi lehiatu, eta bi irabazi ditu, biak etxetik kanpo. 58-69 nagusitu zitzaion Flammes Carolori, bart [urriak 27]. H multzoko bigarrena da talde granatea; hiru jardunaldietatik hirurak irabazita, La Roche Vendee da multzo burua.
Eurokopan etxetik kanpo irabazteak daukan garrantzia gogora ekarri du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak: “Egindako lanagatik eta partidu osoan egindako jokoagatik oso pozik dago taldea”. Lopezek esan bezala, hasieratik argi eduki zuten momentu oro partiduan sartuta egon behar zirela, “eta azken laurdenera bizirik heldu” behar zutela. Eta horrela izan zen.
Aurreko asteko La Roche Vandeeren porrotetik ikasi beharra zegoen. Multzoko talde frantziarren jokatzeko era fisikoa eta bertikala da, eta Lointekekoek sufritu egiten dute halako taldeen kontra. Joko oso fisikoari aurre egiteko prestatuta zeuden. Lehen zatian, Tinara Mooren bigarren falta pertsonalak min handia egin zien, etxekoen oldarraldiei eusteko zutabe garrantzitsua zelako amerikarra. Pariduaren hasierako minutuak nahikoa parekatuak izan ziren. Lointek aurretik hasi zen (4-10 eta 9-10), eta Carolo aurretik jarri zen lehen laurdenaren azken txanpan. 17-16ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena, eta bigarren zatia hasi eta segituan, Lointekeko Belen Arrojok kolpe gogorra jaso zuen eta atsedenaldiaren ostera arte ezin izan zuen kantxara bueltatu. “Uste dut Belenen lesioagaz, kontaktoak apur bat zaindu dituztela, eta horrek beste modu batera jokatzen utzi digu”.
Sasoi onean dagoen taldearen zutabeetako bat da hegaleko granadarra, eta haren hutsuneak moralki eragina eduki zuen. Melisa Brcaninovicek hartu zuen haren lekua. Bosnia-Herzegovinako jokalariak Lointekegaz egindako partidurik onena izan zen atzokoa. 17 puntu lortu zituen, bera eta Bjorklund (18 puntu) izan ziren puntu gehien lortu zituztenak.
Caroloren hirukoen festaren ondoren (11tik 5 sartuta), 39-36 puntugaz amaitu zuten lehenengo zatia, eta atsedenalditik bueltan, Caroloren hiruko bategaz hasi zuten lehia. Hirugarren laurdenean markagailuan aurrea hartu zuen Gernika-Lumoko taldeak (42-43). Emozioko jokaldiak ikusi ziren. Barruko jokoan asko sartu ziren etxekoa, eta Lointekeko Paula Ginzo ederto moldatu zen saski azpian, bere saltsan. Parekatuta ibili ziren (45-45/51-51), eta Roselisen jaurtiketari esker, bi puntuko errentagaz amaitu zuten hirugarren laurdena: 51-53.
Partiduaren azken minutuetan abantaila handitu zuen talde gernikarrak. Carolok partida berdindu zuen (53-53), baina ordutik aurrera Gernika jokoaren jabe izan zen. Hasieratik amaierara defentsan erregular mantendu zen, sendo, eta hori izan zen garaipenaren gakoetako bat. 11 puntuko aldeagaz garaipena hurbil zegoela ikusi zuten; minutuak eta jabetzak ondo kudeatu zituzten. 0-12ko partziala lortuta, garaipena bideratuta utzi zuten.
“Azken laurdenean sei puntuko aldea lortu dugunean, eurak presazko erasoekin hasi dira, eta gu lasai mantendu gara, gure erasoak lantzeko eta abantailak non genituen ikusteko lasaitasun nahikoa eduki dugu. Saskiratu ahal zuen pibot ireki bategaz jokatzeko eguna zen, eta Melisagaz hori egin dugu eta Bjorklunden jaurtiketa irekiak ere nabarmendu dira. Azken laurdenean, errenta handitu ahala, eurak urduriago jarri dira, eta jaurtiketa erosoetan ere ez dute sartzeko konfiantza eduki”, azaldu zuen atzo Lopezek.
Eurokoparen hurrengo partidua Malosten jokatuko du talde gernikarrak. Virtus Segafredo Bolognaren kontra jokatuko du eguaztenean [azaroak 3], 20:00etan hasita. “Garaipen honek ez du ezertarako balio datorren eguaztenean etxeko partidua irabazten ez baldin badugu. Eta orain domekako Zaragozako partiduan pentsatu behar dugu, aurkari gogorra da eta”, dio Lopezek.
Ligaren 7. jardunaldian, Zaragozara bidaiatuko dute Lointek Gernika Bizkaiakoek. Domekan [urriak 31] jokatuko dute Principe Felipe Pabilioian, 12:15ean hasita.