23. Xixili Torneoa hartuko du Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak
23. Xixili Torneoa lehiatuko dute zapatuan [urriak 30] Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. 10:00etatik 13:00ak arte, eta 16:00etatik 18:00ak aldera arte egingo dituzte saioak.
“Euskal Herriko taldeez gain, Kantabriatik, Asturiasetik eta Madriletik etorriko dira taldeak. 400 gimnastatik gora batuko dira frontoian”, azaldu dute Xixili Klubaren arduradunek. Horien artean ariko dira etxekoak. Bakarkakoan, alebin mailan Ane Axpe Bizkaiko txapeldunak eta kadeteetan Naia Gorostiagak, eta taldekakoan kadeteen bi taldeek eta gazteen taldeek lehiatuko dute.
10:00etan banakako oinarrizko federatuekin hasiko dute torneoa; alebin eta haur kategorietakoak mazoekin ariko dira. Gero, kadeteak eta gazteek zintekin egingo dituzte ariketak. Banakakoetan, gutxi gorabehera 60 gimnasta ariko direla zehaztu dute Xixili Klubaren arduradunek.
Ondoren taldekakoen saioak hasiko dituzte. Haur eta kadete mailetakoek bost uztaiekin ariko dira. Horiekin amaituko dute goizeko saioa.
Arratsaldean, gazteak hiru uztai eta bi sokagaz jardungo dira. Ostean, absolutuen txanda izango da: juniorrak, seniorrak eta lehenengo kategoriakoak.