'Nikole Bijotzekua' liburua aurkeztu du Edorta Jimenezek
Sabino Aranaren emazte izan zen Nikolasa Atxikallenderen biografia dakar idazle mundakarrak. Dioenez, Atxikallenderen "irudi faltsua" egin dute.
Sabino Aranaren emazte izan zen Nikolasa Atxikallende Iturriren biografia dakar Edorta Jimenez Ormaetxea idazle mundakarrak Nikole Bijotzekua liburuan. Elkar argitaletxeagaz argitaratu du liburua eta atzo aurkeztu zuen Xabier Mendiguren editoreagaz.
Liburua argazki bigaz laburtu daitekeela esan zuen Jimenezek atzoko aurkezpenean, eta argazkiak erakutsi zituen prentsaurrekoan. Sabino Arana Goirirena zen horietako bat: “Argazki honetan ematen du Arana aberriaren etorkizunera begira dagoela. Argazkia, baina, nondik aterata dagoen oso garrantzitsua da”. Hala, erakutsi duen bigarren argazkian Sabino agertzen da Nikole emazteari begira; “eta hortik aterata dago horren ezaguna den Aranaren argazkia”. Liburuaren azalean dagoen argazkia, hala ere, desagertu egin dela dio Jimenezek: “Nor da desagertu dena? Zergatik desagertu da?”. Nikole Bijotzekua liburuan argazki horretan agertzen den emakumearen historia kontatzen du idazle mundakarrak, hau da, Nikolasa Atxikallenderena.
Pandemia garaian idatzi du, egun bakoitzean gutxi gorabehera hamabost orrialde: “Erroxeli Ojinaga nire lagunak duen blogean argitaratuko zuela eta, nire burua behartu nuen egunero hamar ordu inguru idaztera. Aldi berean ikerketa lanak eta irakurketa lanak egiten nituen”.
Gogora ekarri duenez, Sabinok Nikoleri idatzitako 81 gutun argitaratuta daude, eta argitaratu gabeko beste gutun batzuk ere bazituen Joseba Agirreazkuenaga historialariak, eta hari esker horiek erabili ahal izan ditu libururako. “Zor handi bat neukan emakume honen historiagaz. 1984an, atxilotu egin ninduten, eta brigada antiterroristako buruak Nikoleri buruzko gauza batzuk esan zizkidan. Denak gezurrak, baina zabaldu egin direnak”.
Dioenez, “guzur zikinak, lotsagarriak eta mingarriak” esan eta argitaratu dira berari buruz. “Irudi faltsua egin da”. Dokumentazio historikoa topatu duela esan du, orain arte inork erabili ez duena.
Esan du Nikolek ez duela hilarririk kanposantuan, hala ere, bere ilobia aurkitu du Jimenezek: “Anonimoa da, bere lehenengo senarraren ilobiaren atzean dago ezkerretara, Sukarrietan bertan”. Familia adarreko batek urte hasieran Nikoleren hilobiaren ziurtagiria eskatu duela esan du Jimenezek, eta oraindik ez duela lortu, ez diela erantzun.
“Emakumeak hari buruz esandakoak sufritu zituen. Aurrera egin zuen baserritar modura. 1937an bere etxea hartu zuten faxistek, atxilotu egin zuten, kartzelan sartu zuten. Atera zenean baserriko lanak egiten jarraitu zuen. Emakume arrunta zen, eta bigarrenez ezkondu zen. 1951ko martxoaren 19an hil zen. Haren oroimena gorde dute Agirreazkuenagaren ama Agurtzane Zigorragak, Nikolasaren aizpa baten ondorengoek, Elisa Kaltzadak eta Nikole hil arte zaindu zuen Mentxu Aizpuruak. Horiei esker gorde da haren historia”.
Liburua idazteko prozesuan gauza asko ikasi ditu: “Ikasi dut Sabino Aranarena izan zela lehenengo ezkontza hippya Bizkaian, XX. mendean, ezkutuan egin zuten. Deskubritu dut Sabino Aranak inork aipatu gabeko antzerki lan bat idatzi zuela, Andere. Ikasi dut emakume honen etxean egon zela gerrako presoen ospitale militarra. Horri buruzko informazioa eskatu dut, ez dagoela esan didate, baina gezurra da. Aranzadigaz ari naiz begiratzen Mundakan ez ote dagoen preso errepublikano haien hobi komun bat; baiezkoan nago. Sabino Arana marrazkilaria ere deskubritu dut, oso ona zen…”.
Aranaren gutunak euskara arruntean idatzita zeudela aipatu du mundakarrak: “Nikolek ez zekien gaztelaniaz, eta hori ez dute aitortu ez aipatu gura». Aranaren gutunak irakurrita, Jimenezek uste du ez zela euskaldun berria. Ez du ulertzen zergatik orain arte inork ez duen hari buruzko informaziorik bilatu, hari buruz esandakoak «barkaezinak» direla gaineratuta. «Hau ez zen gertatu behar eta nik ez nuke liburu hau idatzi behar izango”.
Liburua “sailkaezina” dela diote: Ikerketa historiko bat da berez, baina misteriozko eleberriaren teknikekin dago kontatuta eta hizkuntzaren esteta baten luma ederraz hornituta.
Istorioaren berri emateko ibilbide gidatuak ere egin zituen iazko udan Jimenezek: “Jendeari adierazi gura nion zertan ari nintzen eta nola nintzen ni bilaketaren jabea”.