Piratak taldekoak lehenengo eta hirugarren sailkatu dira promozioko trontza txapelketaren lehen kanporaketan
Salva Erleaga eta Oier Ibergallartu izan dira azkarrenak, eta Xabat Erleaga eta Aritz Martin hirugarren sailkatu dira.
Promozio mailako gizonezkoen Bizkaiko Trontza Txapelketaren 1. jardunaldia jokatu zuten domekan [urriak 24], Bilboko Itsas Museoaren pasealekuan, eta lanak amaitzen lehenengoak izan ziren Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko Salva Erleaga eta Oier Ibergallartu. Zazpi minutu, 22 segundo eta 290 ehunekotan burutu zituzten egin beharrekoak.
Alde estua egon zen lehenengo bi bikoteen artean. Hain zuzen ere, Ioritz Gisasola Zelai IV mallabiarrak eta Andoni Zubiaurre mutrikuarrak zazpi minutu, 32 segundo eta 163 segundotan amaitu zuten jardunaldia. Hirugarren bikote sailkatua Piratak Herri Kirol Taldekoa izan zen; Xabat Erleagak eta Aritz Martinek bederatzi minutu, hamabost segundo eta 177 ehunenetan amaitu zuten saioa.
Laugarren eta bosgarren sailkatutako bikoteak Getxoko herri kirol taldekoak izan dira. Hamar minutu, 49 segundo eta 104 ehunenegaz, Joseba Legarreta eta Pablo Alvarez geratu ziren laugarren postuan, eta horien atzetik egin zuten Joseba Corderok eta Ugaitz Perezek. Bosgarren bikoteak hamabi minutu, 47 segundo eta 964 ehunen behar izan zituen lanak amaitzeko.
Bizkaiko Trontza Txapelketaren 2. jardunaldia azaroaren 28an lehiatuko dute.
Emakumeak Basaurin. Bestalde, emakumezkoen Basauriko trontza proban ere parte hartu zuten Busturialdeko kirolariek, zapatuan [urriak 23], Artunduaga pilotalekuan.
Irailean Bizkaiko trontza txapelketa irabazi zuten Batirtze Ispizua bermeotarra eta Nerea Egurrola nagusitu ziren, sei minutu eta hamabost segundoko denboragaz; amerikar trontzagaz egin zuten proba. Piratak HKTko Iraide Gezuragak eta Amaia Mendinuetak, berriz, hamar minutu eta 57 segundotan amaitu zuten saioa. Horiek promozioko trontza erabili zuten.
Horrez gain, gizonezkoen Izar Berriak Aizkolari Txapelketaren 1. jardunaldia eta Harrijasotze Binakako Txapelketa lehiatu zituzten Basaurin.