Bermeoko Udalak 5.167 bonu jarriko ditu herritarren eskura
Gaur hasi eta azaroaren 12a bitartean, kanpainan parte hartu gura duten herriko establezimenduek izena eman beharko dute.
Beste behin ere, Bermeoko Udalak bonuen kanpaina abiaraziko du. Gaurko aurkezpenean jakitera eman dutenez, 5.167 bonu jarriko dituzte herritarren eskura, azaroaren 22tik abenduaren 18ra bitartean. Hala ere, aipatu kanpainan parte hartu gure duten herriko establezimenduek izena eman beharko dute, gaurtik azaroaren 12a bitartean. Udalak Bostale eta Berton elkarteekin elkarlanean martxan jarri du kanpaina.
Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotzi Kepa Zumetaren esanetan, kanpainaren helburua da tokiko kontsumoa bultzatzea eta merkataritza sustatzea.
Aurten, bi motatako bonuak kaleratuko dituzte: merkataritza establezimenduetara bideratutakoak eta ostalaritzan erabili ahal izango direnak. Hori bai, herritar bakoitzak, gehienez ere, mota bakoitzetik lau bonu erosteko aukera izango du.
Herriko merkataritza establezimenduetan erabiltzeko bonu bakarra jarriko da salgai, 15 eurokoa. Horrekin, herritarrek 20 euroko gastu ahalmena izango dute, eta ezin izango dute inoiz ere bi bonu baino gehiago batera erabili.
Ostalaritza establezimenduetarako, berriz, hiru motako bonuak egongo dira aukeran: 4, 10 eta 20 eurokoak. Horiekin, kontsumitzaileek 6, 15 eta 30 euroko gastua egin ahalko dute, hurrenez hurren. Kasu horretan ere, ezingo da bi bonu baino gehiago erabili erosketa bakoitzeko, eta bi erabiltzekotan, prezio berdineko bonuak erabili beharko direla zehaztu dute.
Aurten, gainera, bonuak eskuratzeko modua aldatu egin da, establezimendu bakoitzean NA zenbakia eman beharra baino ez da egongo. Kanpainan parte hartuko duten establezimenduen zerrenda Bermeoko Udalaren webgunean ikusgai jarriko dutela esan dute.
“Herri bizi baten aldeko apustua egin behar dugula” esan du Zumetak, hala, establezimenduak eta herritarrak animatu ditu parte hartzera.