2022ko udazkenean jokatuko dute XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia
Irailaren 24an Getxon hasi eta abenduaren 18an Iruñean amaituko dute txapelketa.
Bertsozale Elkarteak gaur iragarri du 2022ko udazkenean egingo dutela XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia: “Pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izango dela aurreikusiz, 2022ko udazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa aurrera eramateko erabakia hartu du Bertsozale Elkarteak”. Izan ere, Gontzal Agote Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen kideak gogoratu du txapelketa “berez aurten egitekoa zela”, baina egoerak baldintzatuta elkarteak aurten ez egitea erabaki zuela: “Ongibidean hurrengo urteko udazkenean egingo dugu”.
Berritasun edo aldaketa nabarmenagaz egin dute iragarpena, izan ere, azken urteetan ez bezala, finala Iruñean izango da, Nafarroa Arenan, hain zuzen ere. 2005eko finaletik orain artekoak Bilbao Exhibition Centren jokatu dituzte, eta aurrekoak Donostian (1935-2001).
Irailaren 24an Getxon hasiko dute txapelketa eta abenduaren 18an lehiatuko dute Iruñeako finala. “Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana”, azaldu dute Bertsozale Elkartetik.
Gogoratu dute ibiltaria dela Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua, eta azpimarratu dute ondorioak nabariak izan ohi direla: “zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan”.