Gernika ATkoek bi kopa lortu dituzte Zornotzako krosean
20 urtez azpikoetan Lekeitioko Tximista ATko Lorea Erekatxo bermeotarrak bere kategoriako lasterketa irabazi du, eta Durango KTko Izaro Egibar bermeotarra bigarren sailkatu da.
67. Nazioarteko Zornotzako Krosean parte hartu zuten Bermeoko eta Gernikako atletismo taldeetako kideek atzo goizean [urriak 24].
Gernikako Atletismo Taldeko Amaia Unamunok eta Alluitz de Bilbaok irabazi zituzten alebinetako eta kadeteetako lasterketetak. Unamunok lau minutu eta 11 segundotan amaitu zuen 1.120 m-ko lasterketa, eta lau segundo gehiago behar izan zituen Alaia Mugartegi (Berango AT) bigarrenak. de Bilbaok 1.550m-ko lasterketa bost minutu eta 37 segundotan burutu zuen. Bidezabal ATko Axpe Aja sailkatu zen bigarren, bost minutu eta 58 segundoko denboragaz.
Talde gernikarretik hamabost atleta aritu ziren atzoko krosean. “Batez ere, neskek eman zuten maila ona, besteak beste Maria Goitiak, Jone Oar-Artetak eta Iara Auzokoak. Mutiletan, eliteko lasterketan–8.700m–, Ibon Bilbao, Eneko Zabala edo Unai Lobatok proba dotorea egin zuten. Datorren domekan, Laudion jokatuko den Euskadiko kros txapelketan Gernika Atletismo Taldeko ordezkaritza zabala izango du”, azaldu dute taldearen arduradunek.
Bermeoko Taraska Atletismo Taldetik bost umek lehiatu zuten txapelketa: “Krosagaz disfrutatu zuten, eta zoriondu egiten ditugu kros gogorra izan zen eta”.
Hala, 20 urtez azpikoetan Lekeitioko Tximista ATko Lorea Erekatxo bermeotarrak bere kategoriako lasterketa irabazi zuen, eta Durango KTko Izaro Egibar bermeotarra bigarren sailkatu zen. 3.120m-ko lasterketa egin zuten; Erekatxok 11 minutu eta 43 segundotan amaitu zuen eta Egibarrek 12 minutu eta 36 segundotan.
Bilbao Night Marathon. Bestadel, Bilbao Night Marathon lehiatu zuten zapatuan [urriak 23]. Urtero-urtero eskualdeko korrikalariek parte hartzen dute bertan, baina lasterketa lehiatzeaz gain, antolakuntza lanetan ere aritzen dira Busturialdeko ordezkariak. Esate baterako, Gernika ATko guraso talde bat egon zen zapatuan: “Taldeko neska-mutikoen 25 guraso inguru zortzi ordutik gora bolondres gisa aritu ziren Bilboko erdigunean lasterketako gune bat egokitzen eta, azken finean, karrera gauzatzeko gutxienekoak egiten. Izan ere, Gernika Atletismo Taldearen beste eginkizunetako bat da atletismoa sustatzea eta hedatzea, eta lasterketak han eta hemen gauzatzen laguntzea”.