Adinekoen erorketen prebentziorako saioa eskainiko du Gurutze Gorriak bihar
Bihar, 10:00etatik 11:30era, Gernika-Lumoko egoitzan eskainiko du saio monografikoa Gurutze Gorriak.
Bizkaiko Gurutze Gorriak adinekoei zuzendutako Erorikoen prebentzioa izeneko saio monografikoa eskainiko du bihar, 10:00etatik 11:30era, Gernika-Lumoko egoitzan (Aldape kalea, 6). Adinekoek erortzeko duten arriskua balioesten ikasiko dute, baita erorikoak izanez gero zelan jokatu behar duten ere.
Tailerra alor horretan esperientzia zabala duten Asier Lopez eta Janire Atxikallende IMQ Igurco Forua egoitzako fisioterapeuta eta psikologoak emango dute, koronabirusaren aurkako segurtasun eta prebentzio neurri guztiak gordez.
“Botikarik onena prebentzioa” dela oinarri hartuta, Gurutze Gorriaren saioak adinekoen hauskortasuna hautematea du helburu, baita erorketa baten ondorioen balorazioari buruzko prestakuntza eskaintzea ere –lesio larriak detektatea–. Horrez gain, adinekoa erori bada, eta altxatzea eragozten dion lesiorik ez badauka, lurretik zelan altxatu behar den erakutsiko diete.
Adinekoak giharrak indartzeko eta erorikoak saihesteko oreka lantzeko ariketetan prestatzea ere bilatuko dute tailerrean.
Gero eta eroriko gehiago. Adina da erortzeko arrisku faktore nagusietakoa eta 65 urtetik gorako pertsonak dira erorketa bat jasan ondoren hilkortasun edo lesio larriak izateko arriskurik handiena dutenak.
Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, erorikoen intzidentziak gora egiten du adinearekin batera. Zehaztu dute urtero 65 urtetik gorako hiru pertsonatik bat erortzen dela, eta kopuru hori %50era heldu daitekeela 80 urtetik gorakoen kasuan; erortzen diren pertsonen erdiak eroriko bat baino gehiago izaten dute.