Moji omendu eta Saharako gatazkari ikusgarritasuna emateko eskatu dute Bermeon
Hilaren 16an Marokok egindako erasoak hil zuen brigadistaren heriotza "mingarria" dela aipatu du Besaldek gaur, Lameran egin duten elkarretaratzean. Bermeoko Udalak adierazpen bateratua onartu du, eta elkartasuna erakutsi dio saharar herriari eta haren legezko ordezkaria den Fronte Polisarioaren borrokari.
“Moji-ren heriotza bereziki da mingarria guretzat, ez dalako albisteetan agertzen den izen hutsa. Mingarria da Oporrak Bakean programaren bidez, 5 uda zoragarri pasatu ditugulako berarekin. Mingarrixe da, berari esker eta, gurera, gure etxeetara etorritako beste ume batzuei esker, saharar herridaren aldarrikapenak gureak egin ditugulako, desertuan erbesteratutako eta Marokok 45 urtetik gora okupatutako eta zapaldutako herriaren historiarekin jabetu garelako”. Gaur Lameran egin duten elkarretaratzean Besaldek aipatutako berbak dira. Ojinaga familiak hartu zituen harreran Jamal Uld Jalil Uld Bushabe Moji (Mohamed eta Ojinaga artean sortutako ezizena) eta bere anaia. Azken hori Bermeon bizi da gaur egun.
Bermeoko Udalak ere adierazpen bateratua onartu eta gaurko elkarretaratzean parte hartu du. Bermeoko herritarra izan den 28 urteko gaztearen erailketa salatu du, eta elkartasuna erakutsi dio saharar herriari, Mojiren failiari eta sahararren legezko ordezkaria den Fronte Polisarioaren borrokari.
Isiltasun mediatikoa. Moji eta azken urtean gerrak erail dauzen saharauiak omendu dituzte gaur, “bere herriaren askatasuna defendatzeko frontera doazen boluntarioak omentzeko”, Besaldek esan bezala. Hain zuzen, 202ko azaroanren 13an apurtu zen Maroko eta Saharar herriaren arteko su etena, Marokoko ejerzitoak Guergeraten eginiko operazio militarren eta saharar aktibisten aurkako erasoen ondorioz. Horren aurrean dagoen isiltasun mediatikoa ere salatu du Besaldek, Marokok eta Espainiak dituzten interesak defendatzeko isiltasuna dela azalduz. Horregatik, gaurko ekimenarekin ikusgarritasuna eman nahi diote saharar herriak bizi duen eraso eta zapalkuntzei.
Era berean, elkarteak gogoratu du NBEk ilegaltzat jo duela Marokok darabilen Mendebaldeko Sahararen baliabideen ustiapena, eta horregaz batera, Marokoren eta Europar Batasunaren artean dauden itun komertzialak eta arrantzarenak bertan behera uzteko agindu zuen. “Beste behin be, Europako justiziak arrazoia eman dio Frente Polisarioari”. Horrela, udalbatzarrak onartutako adierazpenak jasotzen duenez, sahararren giza eskubideen zaintza bermatzeko eskatzen dio Nazio Batuen erakundeari, “eta autodeterminazio erreferendumaren bidez, Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide bidezkoa eta behin betikoa sustatu dezala”.