Funtsezkoa izan da irabaztea
Defentsan oinarritutako jokoagaz, Lointek Gernika Bizkaiak 63-57 garaitu du Movistar Estudiantes. Estuasunak estuasun, partida gidatu dute gernikarrek, eta berdindutako markagailuan abantaila mantentzen jakin dute.
Pareko taldea hartu du Gaur Lointek Gernika Bizkaiak Malosten: Movistar Estudiantes. Madrildarrek ez dizkiete gauzak erraztu gernikarrei, eta parekatutako partida izan da gaur Gernikako kantxan ikusi dena. Jokoa ondo bilduz, eraginkortasunez, errebotea babestuz.. hasi dute gernikarrek norgehiagoka. Erasokorrak izan dira lehenengo minutuetan, eta Roundtreek bilatu dituen bi alley-oop-ei esker abantaila lortu arren, Estudiantesek markagailari buelta ematen asmatu du lehen zazpi minutuetan. Ariztimuñoren jokoa erabakogarria izan da lehenengo zatia abantailarekin amaitzeko (22-17).
Eguaztenean Eurokoparen bigarren jardunaldia lehiatuta atera dira gernikarrak kantxara, eta minutuak eta jokoa mimoarekin kudeatzen saiatu da Mario Lopez entrenatzailea. Moorerekin konexioak emaitza onak eman ditu, eta gaurkoan bera bilatu izan dute puntuak zenbatzeko. Bjorklunden joko irmoak Lointek aurretik mantentzea bermatu du, defentsan egindako lan onarekin batera. Baina Estudaintesek ere aukerak transformatzen jakin du, eta 33-29 amaitu dute bigarren zatia.
Neketsuagoa izan da hirugarren zatia gernikarrentzat. Madrildarrek estu-estu hartu dute Ginzo, eta Roundtreek ere zailtasunak izan ditu bereak egiteko. Bjorklundek ere ez du asmatu saskiratzen, eta, egoera horretan defentsa ona izan da gernikarrei markagailuan arnasa ematen izan diena. Taldea bere onera bueltatzeko asmoz, partidua eten du Lopezek: Bjorklundek bere eskumuturra berreskuratuta, defentsa on batek ito ditu madrildarrak azken aurreko zatia amaitu orduko. 46 eta 42ko markagailuagaz hasi dute laugarren eta azken laurdena Malosten.
Distantzia erdiko jaurtiketekin, abantaila handitu dute Moorek eta Buchek azken zatian. Partida 50-44n zela, Roudtreeren defentsa eta kontraerasoekin puntuak gehitu ditu Lointekek. 11 punture aldearekin (55-44) talde madrildarrak arriskuan jarri du gernikarren garaipena, Ortiz eta Quevedo ez zeuden-eta amore emateko prest, eta bost puntu eskasen abantailagaz heldu dira Malosten partiduaren azken bi minutuetara. Gretterren hirukoaren ostean Arrojok partidua erabakitzeko aukera galdu du, baina Moorek gaurkoa erabakita utzi du jaurtiketa libreen marratik. 63-57ko emaitzak arnasa eman dio Lointek Gernika Bizkaiari.