Gautegiz Arteagak udal ikastaroak antolatuko ditu, berriro
Pandemiaren eraginez eten zituzten ekintzak berreskuratuko dituzte
2021-2022 ekitaldirako udal ikastaroak eskainiko ditu Gautegiz Arteagak: Pilates, Yoga, Zumba, Mantentze Gimnasia eta Korua. Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek esan duenez, “pandemiaren garairik txarrenaren ondoren bizi dugun itxaropen-egoera barriari esker, gure bizilagunentzako udal-ikastaroei berriro ekiteko erabakia hartu ahal izan dugu. Garrantzitsua da normaltasunera bueltatzea, baina, beti be, une bakoitzean aplikatzen den araudia eta protokoloa betez”. Hala, antolatu dituzten ikastaro gehienak kirol-ikastaroak direla esan du Naberanek, “geure osasuna hobetzeaz gain, gure buruko ongizateari be mesede egiten diete. Herritarren arteko loturak sendotzen eta herriko bizitza indartzen laguntzen duten jarduerak dira”. Hala ere, kirol jarduerekin batera, Gautegiz Arteagan sendotutako beste bat ere eskainiko dute: abesbatzarena.
Azaroan hasiko dira ikastaroak, ordutegi ezberdinekin. Izena emateko orria bete behar da, eta kultur etxean entregatu. Urriaren 25a da horretarako azken eguna. Izena emoteko orria Gautegiz Arteagako Udalaren webgunean dago eskuragarri, eta izena emoterakoan lehentasuna izango dute erroldatutako pertsonek.
IKASTAROAK:
Yoga: astelehen eta eguaztenetan 17:15ean (70 euro astean behin; 140 euro astean bi egunetan).
Zumba: martitzenetan 18:30ean eta eguenetan 17:30ean (70 euro astean behin; 140 euro astean bi egunetan).
Mantentze-gimnasia: astelehenetan 16:30ean (70 euro astean behin; 140 euro astean bi egunetan).
Pilates: martitzeneetan 18:00etan eta eguenetan 19:00etan (70 euro astean behin; 140 euro astean bi egunetan)
–litekeena da jarduera hau gainerako ikastaroak baino beranduago hastea–.
Abesbatza: Egueztenetan 20:00etan (80 euro).