Eskubideen aldeko ahotsak barreiatzen
'Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen' ikusentzunezkoa aurkeztu dute Lizeo antzokian. Herriaren memoriari doinua jarri dion 'Gernika bizirik' abestia lehenengoz zuzenean entzun dute gernikarrek
Anitza delako, eta oparoa. Aldakorra, baita. Kaleidoskopikoa da Gernika Batzordeak bere ibilbidearen 45 urteetan egin duen lana, ekarpena, borroka eta aldarrikapena. Diktadura garaitik gaurdainoko bilakaeta du. Bonbek txikitutako bizitza eta bizipen zatiak batuz, herri memoria egiten aritu da 45 urtez.
Ikuspuntu ugari eman dizkio euskal gizarteari, eta baita Gernikako herriari ere. Askotariko jendea bildu du inguruan: ekintzetan, jardunaldietan, urteurrenetan, aldarrikapenetan… Eta gaur egun bizirik dirauten aldarrikapenek oinarria eta jarraipena dute, garaiaren eta beharren arabera aldakorrak diren arren. Azken batean, kaleidoskopikoa da Gernika Batzordeak idatzi duen historia.
Gaur, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian, 45 urteetako ibilbidearen kotakizun hori ikusteko aukera izan dute herritarrek. Ibon Meñikak eta Haritz Petralandak landu dute dokumentala, eta Gernika Batzordeak lan horren aurkezpena egin du gaur, Gernika-Lumoko Zine klubarekin batera. Dokumentala jendaurrean erakutsi aurretik, Janire Arrizabalaga eta Enare Muniategiren bertsoak eta Gernika Bizirik abestia zuzenean entzuteko aukera izan dute gernikarrek. Ostean, hitz batzuk esan dituzte Gernika Batzordeko kide Sabin Ibazetak eta Juantxu Izagirrek.
45 urteko lanari doinua jarri dio 'Gernika Bizirik' abestiak. #KontakizunKaleidoskopikoa #GernikaBatzordea #GuernicaGernikara pic.twitter.com/GzOA6seWMY
— Busturialdeko Hitza (@BusturiaHitza) October 22, 2021
Gaur iluntzean Lizeo antzokian ikusi dena zinema aretoetan ikusten denarekin desberdina dela nabarmendu du Ibazetak. Historia da Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen ikusentzunezkoak gaur erakutsi duena, memoria da gaur Lizeo antzokian egin dena. Bizipenak, lau hamarkadatan bildutako esperientziak, ahotsak… uztartu dituzte dokumentalaren egileek, historia egin duten protagonisten ahotik.
Baina batzordearen historiaz harago, Gernikako, gernikarren eta Euskal Herriko historiaren zati bat ere idatzi dute Gernika Batzordeko kideek. Euskal gizarteari egindako ekarpena ikusarazteko balio du ikusentzunezkoak; kasurako, Lizarra-Garazi hitzarmenean parte hartu zuela ere erakusten du. Gernikan erori ziren bonba kopurua edo erasoan parte hartu zuten hegazkinak zenbat izn ziren jakitea gararntzitsua den arren, batzordearentzat garrantzitsuagoa izan da zenbaki horietatik harago dagoena, eta hori ikusi da Lizeoan.
Picassoren Guernica Gernikara ekartzeko herri mugimendua batzordeak bultzatu zuen, eta koadroa Madrilera heldu zenean Espainiako hiriburura egindako bidaia, kateatzea, protesta edota atxiloketak gogoan dute protagonistek. Bestalde, gaur egungo begirada eta ahotsen ekarpena ere erakusten du dokumentalak. XX. mende bukaeran jaio den neska batek koadroa bahituta zela jaio zela nabarmentzen du, bahituta jarraitzen duela gogoratzeko.
"Picasso errepublikarra zen, errepublikak agindu zion koadroa margoztea. Eta Reina Sofian dago, Madrilen dagoen museorik monarkikoenean".#KontakizunKaleidoskopikoa #GuernicGernikara #GernikaBatzordea pic.twitter.com/sWWLkdvdBk
— Busturialdeko Hitza (@BusturiaHitza) October 22, 2021
Bide oparoa, memoria bizia. Picassoren lana Gernikan egotea eskubidea delako egin dituzte hainbat ekimen. Baina Gernikak eta gernikarrek bizi izandakoa, bonbardaketaren egiazko errelatoa bereskuratzea eta zabaltzea, justizia eta erreparazioa ere gernikarrei eta euskal herritarrei zor zaien eskubidea delako lan egin dute batzordekideek 45 urtez, eta horretan diraute.
Bonbardaketaren 50. urteurrena gogoratzeko Gernikak hartu zuen jende uholdea eta sortu zen mugimendu hartatik gaur egun arte, emankorra izan da batzordearen mugimendua. Eta gerra bat bizi izan duenaren enpatiatik, gerra bizi duten beste herrialdeekiko elkartasuna erakutsi du beti Gernika Batzordeak: Palestina, Sahara, Kurdistan… “Gernikak beti izan du zerbait, eta Saharan jendeak jakin badaki zer gertatu zen Gernikan, baita Venezuela ere”. Norbere zilborrari begira geratu beharrean, “beste Gernika” batzuk ere badirela argi du batzordeak.
Gatazketan parte hartzea eta konponbidean laguntzea ere izan da Gernika Batzordearen xedea. “Biolentzia guztiak dira gaitzezteko modukoak eta, adibidez, genero indarkeria eta emakumeen kontrako biolentzia salatu eta mobilizazioetan parte hartu dugu; gustura, gainera”.
Sinergiak eta erreleboa. Inertziak bultzatuta, lanean darraite batzordekideak, baina belaunaldi berrien ekarpena beharrezkoa delako, sinergiak bilatu dituzte azken urteetan. Zertzelada hori ere batzordearen historiaren parte da, Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira sortutako taldeen arteko dinamika bezala. Gernika Memoriaren Lekuko plataforma sortu, eta berau ere Gernikako historiaren lekuko izango denez, bada kontakizun kaleidoskopikoak bildu duen beste “kapitulu” bat.
Ordubete luzean, ikusentzunezkoak ikusgarritasuna eman nahi dio Gernika Batzordearen eta batzorde horren atzean dauden herritarren ekarpen aberatsari. Sabin Ibazetak ikusentzunezkoan dioen bezala, “memoria momentuan egiten delako”.