Muxikako Arimen Gauari buruzko saioa egingo dute Arratzun
Arimen gaua berreskuratzeko apustua egin zuten duela bi urte Muxikan, eta Oroitzapenen bidea ikuskizuna prestatu zuten. Esperientzia hori ezagutuko dute Arratzun; bihar, 19:45ean Loiolako aretoan elkartzeko deia egin dute.
Urriaren 31n ospatzen da Gau Beltza. Arimen gaua, Akerbeltz, Katubaltz… bezala ere ezagutzen den gaua da, kalabazek, izarek eta maindireek kaleak hartzen dituztena. Gau Beltza ospatzeko ohitura hori ondo errotutakoa da Euskal Herrian, baina, azken urteetan, galdu egin den tradizioa da. Hala ere, euskal ohiturak berreskuratzeko apustua egin zuten duela bi urte Muxikan: Oroitzapenen bidea ikuskizuna prestatu zuten, eta esperientzia hori ezagutuko dute Arratzun.
Egigun taldeak antolatuta, Arimen gaueko Muxikako emakumeen esperientziaz gozatu ahalko dute Arratzuko bizilagunek bihar, 19:45ean, Loiolako aretoan. “Gaba Baltza ohitura zaharra da gurean, herri ezberdinetan berreskuratu eta berrasmatzen ari dena. Guk Muxikeko esperientzia ekarri gura izan dugu gurera, adin ezberdinetako emakumeak batu eta azken urteetan jai herrikoi bihurtu baitute”, azaldu dute arduradunek. Hori horrela, hiru belaunaldi ezberdinetako hiru emakumeren ikuspegiak entzun ahalko dituzte bertaratzen direnek.
Antolatzaileek herritarrei parte hartzeko deia egin diete, “ondo pasatuko dutelako”.