Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finala lehiatuko du Arrizabalagak domekan
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa maiatzean irabazi zuelako lehiatuko du Euskal Herri mailakoa domekan, Abadiñoko probalekuan.
Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarrak Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finala lehiatuko du domekan Abadiñoko probalekuan; 11:30ean jarri dute ordua. Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa maiatzean irabazi zuelako lehiatuko du Euskal Herri mailakoa Arrizabalagak. Izan ere, lurraldeetako txapeldunek eta txapeldunordeek jokatuko dute Abadiñoko finala.
Bizkaitik Arrizabalagagaz batera June Diaz Franco sailkatu zen; Arabatik, Maddi Agirre Epelde eta Eukene de los Aires Amundarain; Gipuzkoatik, Ekain Tolaretxipi Errazti eta Naia Arrizabalaga Arrieta; Lapurditik, Haira Aizpurua Ibargarai eta Oneka Arteaga Olasagasti; Nafarroatik, Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia; eta Zuberoatik, Aetz Etxart Sarasola.
Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere: “Eskolartekoaren helburua bertsotan hasi berriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, euren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen”.
Saratik Abadiñora. 2019an egin zen aurreko Euskal Herriko Eskolartekoa. Saran egin zen orduan eta hirurtekoa beteta, beste herri batera mugitzerako iritsi zen pandemiaren mehatxua. Iaz Eskolartekoa egin ahal izan zen lurraldeetan, baina ondoren, Euskal Herrikoa egiteko zeuden zailtasunak tarteko, Eskolatik Plazara ekimena antolatu zen haren ordez, lurraldeetako eskolartekoetatik sailkatutako bertsolari gazteek jendaurrean kantatu zezaten. Udazkenean bada ere, ospatuko da Euskal Herriko Eskolarteko finala.