Piratak HKTkoek promozio mailako Bizkaiko trontza txapelketa hasiko dute asteburuan
Bestalde, Bizkaiko Zaku Eramate Txapelketan Xabier Rodriguez eta Beñat Obieta bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoek promozio mailako gizonezkoen Bizkaiko Trontza Txapelketaren 1. jardunaldia lehiatuko dute domekan [urriak 24], Bilbon.
Bost bikote ariko dira zein baino zein gehiago, eta horietatik bi izango dira Piratak taldekoak: Xabat Erleaga eta Aritz Martin eta Salva Erleaga eta Oier Ibergallartu. Horiekin batera hauek lehiatuko dute jardunaldia: Ioritz Gisasola Zelai IV-Andoni Zubiaurre, Joseba Legarreta-Pablo Alvarez eta Joseba Cordero-Ugaitz Perez bikoteek.
13:00etan hasita Bilboko Itsas Museoaren inguruan txapelketaz gain, pentatloi eta harrijasotze erakustaldiak ere egingo dituzte. Beñat Amade, Aritz Irazabal, Zelai IV eta Ousmane Drame ariko dira harrijasotze, giza proba, aizkora eta txinga erute probak egiten eta korrika. Ondorengo harrijasotze erakustaldia, berriz, Julio Jimenezek egingo du.
Zakuak eramaten. Bestalde, Bizkaiko Zaku Eramate Txapelketa lehiatu zuten aurreko domekan [urriak 17], Iurretan.
Lau mailatan aritu ziren kirolariak. Kinttopekoetan Piratak HKTko Xabier Rodriguez eta Beñat Obieta podiumean sartu ziren. 30 segundo egin zituen Ugaitz Perez txapeldunak, eta Rodriguez eta Obieta bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Biek ala biek 32 segundotan amaitu zuten txapelketa eta ehunekoetan erabaki zen bien arteko lehia. Laugarren postua ere Arratzuko herri kirol taldearentzat izan zen; Aitor Rodriguezek bere taldekideek baino segundo bat gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko.
Emakumezkoetan, Piratak HKTko Amaia Mendinueta laugarren (37 segundo) eta Iraide Gezuraga seigarren (42 segundo) sailkatu ziren. Oihana Parra izan zen denetan azkarrena; 30 segundotan burutu zuen txapelketa. Hiru segundo gehiago egin zituen Nerea Sanzek, eta Silvia Meseguer sailkatu zen hirugarren, 35 segundogaz.
Gizonezkoen eta gazteen mailetan ez zen egon eskualdeko ordezkaririk. Gizonezkoetan bi segundoko tartean sailkatu ziren lehenengo hirurak. Igotz Ardeo geratu zen txapeldun (32 segundo), Eloy Salterain txapeldunorde (33 segundo) eta Jon Ander Malaina hirugarren (34 segundo). Gazteetan lehia estuagoa eduki zuten. Lehenengo hirurek 27na segundo egin zituzten, eta ehunenetan erabaki zen podiuma. Iker San Anton geratu zen txapeldun, Iker Montero txapeldunorde eta Aidan Garcia hirugarren.