Eibar eta Nabarniz arteko mendi ibilaldia, zapatuan
45. Eibar-Nabarniz Ibilaldia egingo dute zapatu honetan [urriak 23]. 06:00etan irtengo dira Nabarnizetik eta 07:00ak aldera hasiko dute Eibarren ibilaldia.
29 kilometrotan lotuko dituzte bi herriak, Zengotiagane (826 m), Oiz (1029 m), Ganbe (396 m), Astorkigana (235 m), Kanpona (504 m), Miñarria (435 m) eta Arrola (532 m) zeharkatuta. Aurten, hainbat arazo eduki dituztenez, Athletic Nabarniz Elkartearen ordezkariek ezin izan dute ibilbidea markatu. Horrez gainera, aurten anoa postu bakarra egongo dela jakinarazi dute. Oizen ipiniko dute: “Oizen salda hartzen dugu, eta goian batu eta argazkia ateratzeko ohitura daukagu, eta hori mantentzen da. Astorkiganakoa kendu egin dugu, eta helmugan ere ez da egongo hamaiketakorik”.
Telefonoz deituta izena eman behar da: 655 70 06 52. Informazio gehiago jaso edota zalantzaren bat argitu gura izanez gero, telefono zenbaki horretara deitzeko esan dute antolatzaileek. “Aurten autobus txikia daukagu bakarrik, eta betez gero ezin dugu besterik hartu. Aurten presaka ibili gara eta horrela antolatu dugu. Egoera normalizatu denerako berandu izan da eta autobus txikia lortu ahal izan dugu. 22 plazakoa da autobusa, eta hamabost pertsona gaude izena emanda”, azaldu dute.
Era berean, gogoratu dute bazkarirako ere telefonoz izena eman behar dela, eta aurreko urteetan modura, aukera dagoela ibilaldira joan gabe ere bazkarirako joateko: “Badago jendea ibiltzera ez doana eta gero bazkaltzera etortzen dena, batez ere lehen ibiltzen ziren beteranoak eta”.
Iaz irteera “sinbolikoa” egin zuten urtero huts egiten ez duten parte hartzaile batzuek. Orduan, baina, Nabarnizetik irten eta Eibarren amaitu zuten mendi irteera: “Urtero parte hartzen duten batzuek eskatuta egin genuen, baina bakarrik ibilaldia, amaierako bazkarian batu barik. Horregatik pasadan urtekoa 44. moduan kontatzen dugu”.