Zapatero: "Ezker independentistaren adierazpenak adierazgarriak eta transzendentzia handikoak dira"
PSE-EEk ekitaldia egin du gaur Gernika-Lumon, ETAk armak utzi zitueneko hamargarren urteurrenaren harira. ETAren amaierako prozesuan PSOEk eta PSE-EEk jokatutako rola goraipatu dute, eta biktimak gogoratu dituzte.
PSE-EEk ekitaldia egin du gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean, ETAk armak utzi zitueneko hamargarren urteurrenaren harira. Atzo Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek “atsekabea” adierazi zieten ETAren biktimei, “jasan duten sufrimenduagatik”, eta ez zela “inoiz gertatu behar” esan zuten. Ezker independentistaren adierazpen horiek “garrantzia handia” dutela esan du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko buru ohiak: “Ezker independentisten adierazpenak nahiko adierazgarriak dira, transzendentzia handia dute berba horiek. Esana dago: ez zuen gertatu behar, baina gertatu zen. Mina ez da joango, baina hobeto arnasten dugu. Historia ezin da aldatu, baina etorkizuna bai. Memoria eraikitzen jarraitu behar dugu eta biktimak errekonozitu. Betiko bakea, justizia, elkarbizitza”.
Patxi Lopezek ere hizpide izan du atzo ezker abertzaleak egindako adierazpena: “Lehen aldiz publikoki aitortu dute ETAren biktima guztien oinazea, eta ez zela eman behar adierazi zuten. Euren iraganaren nolabaiteko osoko zuzenketa bat da”. Espainiako eskuinak ETAk bizirik jarraitzen duela esatea ere kritikatu du: “Esaten dute ETAk bizirik jarraitzen duela; hori tamalgarria da. Izan ere, ez dute demokraziaren garaipena onartzen. Terrorismoa darabilte berriro sozialistei eraso egiteko”.
ETAren amaierako prozesuan PSOEk eta PSE-EEk jokatutako rola goraipatu dute gaur, eta biktimak gogoratu dituzte: “Biktima guztien memoriak gugan iraungo du. Hainbeste sufritu dutenei, eraildakoei eta haien familiei gure mina berariaz aitortu behar diegu. Biktimei argi eta garbi esan behar diegu inoiz ez dela arrazoi bakar bat ere egon euren sufrimendurako”. Hain zuzen ere, Zapaterok adierazi du biktima guztiak, “baldintza guztietakoak”, eurenak bezala sentitzen dituztela: “Biktima guztiak, guztiak, gure anai-arreba gisa sentitzen ditugu. Haien memoriak iraungo du”.
Aurrerantzean, azken hamar urteetako prozesua “azkartzea” espero duela adierazi du Zapaterok: “Gizarteak azkar egin du aurrera, eta, baliteke datozen hamar urteetan erritmoa azkartzea. Baina ez da ahaztu behar”.
Idoia Mendiak adierazi du hamargarren urteurreneko ekitaldiak “bateratua” izan beharko lukeela: “Gaurko eguna ekitaldi bakar batean ospatzea izango zen desiragarriena. Logikoena litzateke hamar urte geroago Eusko Legebiltzarrean adierazpen bakarra egitea, inolako erreparorik barik, baina gaur egun hori ezinezkoa da oraindik”.
“Egia bakarra”. Sozialistek “politika guztiak negoziatu” ditzaketela azaldu du Mendiak, baina “egia bakarra” defendatu du: “Egia bakarra da: hemen desberdin pentsatzen zuena hil egin dute; pluraltasuna deuseztatu nahi izan zen. Baina irabazi genuen, demokraziak inposaketa garaitu zuen. Duintasunak hilketa garaitu zuen. Eta, orain, egiak ahanztura garaitzea lortuko dugu”.
Lopezek ETAren amaierari buruzko “nork bere diskurtsoa” duela adierazi du: “Tentazioa dago ETAren amaiera berrirakurtzeko, nork bere diskurtsora egokitzeko. Parte hartu ez zutenek ere dominak jartzeko; ETAren amaiera eurenganatzeko, alegia. Beti daude kontakizunari buruzko batailak, baina egia eta memoria bakarra dago. Bakoitzak egindakoa ezaguna da eta ezin da aldatu. Hiltzaileak ez dio hiltzaile izateari uzten, ezta biktimak biktima izateari uzten ere. Horregatik oso argi daukagu nork ezin duen idatzi errelatoa”.
ETAren desagertzea Gernikako Estatutuagaz lotu du Mendiak: “ETAren amaiera eta gure autogobernuaren handitasuna lotuta daude. ETAren ondarea heriotza da, gurea Estatutua eta askatasuna”. Hala ere, Estatutu “modernoago eta anitzago” bat edukitzea gustatuko litzaiokela dio, eta “haren aurkako jazarpenak hori ekidin duela” adierazi du. “Aniztasunak akordio bat eskatzen du, guztiok gure herrian elkarregaz bizi ahal izateko. Estatutuak guztiok hartzen gaituen aterkia izan behar du, guztiok estaliko gaituena: nazionalistak eta ez-nazionalistak. Ez dago pluraltasunari aurre egiteko beste modurik. Giza eskubideen defentsa bermatu behar du Estatutuak, Estatutua elkarbizitzako akordio bat delako, ezberdinen arteko ituna. Eta indartsua da, suntsitu nahi zutenei ere aurre egin dielako. Horri esker, euskal herritarrek inoiz izan duten aurrerapen eta kohesio sozial handieneko espazioa eskaini du”.